Abuztuan argitaratu eta bi astera itxi zuten titulu multijokalaria, zortzi urtez garapenean egon ondoren.
Concorden bidaia benetan bukatu da. PlayStationek ez du titulu multijokalaria berpizteko asmorik: Firewalk Studios itxi du, Concordi bigarren bizitza emateko aukera guztiak alboratuta.
Sony Interactive Entertainment-en webgunearen bidez eman zuten berria atzo arratsaldean, langileei mezua bidali ondoren. “SIEren negozio eredua indartzeko asmoz” hartutako “erabaki gogorra” dela diote bertan, “estrategikoak izateko beharra” azpimarratuz.
Behin betiko itxiera harritzekoa da. Concord abuztuaren 23an estreinatu zuten PlayStation 5ean nahiz PCan, eta, harrera eskasa eduki ostean —Steam plataforman ez zituzten aldibereko 700 jokalariak gainditu—, irailaren 6an jokoaren zerbitzariak itxi zituzten, baita titulua saltoki digitaletatik kendu ere. Hala eta guztiz ere, “aukera desberdinak aztertuko” zituztela adierazi zuen Ryan Ellis zuzendariak joan den hilabetean, “gure jokalarientzat onenak direnak barne”; halakoak irakurrita, jokoa, gutxienez, doako formatuan itzultzea espero zuten askok.
Ez da horrela izan azkenean, eta Firewalkekoek agur esan dute sare sozialetan zabaldutako mezuan: “Multijokalariaren poza publiko zabalagoari helarazteko helburuarekin” sortu zela diote arduradunek, egindako ibilbidea errepasatuz. 2018an eratutako estudioa erosi zuen PlayStationek 2023an, prestatzen zebiltzan zerbitzu erako bideojokoa indartzeko xedearekin.
Estudioa osatzerakoan hasitako lanarekin amaitu dute bidea. Concord izan da Firewalken lehen eta azken ekoizpena. Kotaku agerkariaren arabera, zortzi urteko garapenaren aurrekontua 200 milioi dolarretakoa izan da; hori guztia, marketing gastuak, estudioaren erosketa, berandutzeak eta diru itzultzeak, besteak beste, kontuan hartu gabe.
172 langile. Horiek ziren Firewalken lantaldea osatzen zutenak, Jason Schreier kazetariak aditzera eman duenez. Hermen Hulst PS Studios-eko arduradunak garatzaileak estudioz lekualdatzeko ahaleginak egingo dituztela jakinarazi du, ezer bermatu gabe.
Neon Koi ere, itxita
Firewalk, ordea, ez da Sonykoek itxitako estudio bakarra izan: Neon Koi izeneko taldea desagerrarazi dutela jakinarazi dute ohar berean. Kasu honetan, 68 ziren lantaldeko kideak.
PlayStationek 2022an bereganatutako estudioa da. Savage Game Studio izenarekin ezagutzen genuen erosketaren aurretik: Zynga, Wargaming edo Rovio taldeetako beteranoek osatutako gailu mugikorretarako jokoak eratzen zituen taldea zen. Zerbitzu jokoak ziren, baina, beste ardatzetako bat: AAA neurriko izenik gabeko mugikorretarako titulua garatzen ibili dira azken bi urteotan, baina hori ere alboratu dute jabeek.
Hortaz, PlayStationekoek zerbitzu motako jokoak zeharo baztertu dituztela uler daiteke. Ez da, ba, horrela: “Concordekin ikasitakoak kontuan hartuko ditugu zerbitzu jokoetan aurrera egin eta esparru honetan hazten jarraitzeko”, diote SIEkoek.
Iruzkinak