PS Mobile eraberritua da, ordenagailuetarako jokoen bertsioak indartzeko eratua. God of War izango da PlayStationen hurrengo PCko bideo-jokoa.

Argi dago PlayStationek ordenagailuen munduan sartzeko erabakiari gogor heldu diola. Azken urtean PlayStation Studios-eko hainbat garatzailek sortutako bideo-jokoak kaleratu dituzte Steam edota Epic Games Store saltokietan, eta hala jarraitzeko asmoa dute. Horren adierazle da orain sortutako marka berria: PlayStation PC.

Izen berria duen arren, marka eraberritua da zehazki: aurretik PlayStation Mobile izenean argitaratzen zituzten PCrako jokoak. Marka aldaketa dagoeneko ikus daiteke PlayStationen Steameko jokoetan: Horizon Zero Dawn, Days Gone edota Helldivers jokoen orrialdeetan argitaletxea PlayStation PC da.

Erabakiak ez du inor harritu; esan bezala, PlayStationek PCaren munduan murgiltzen jarraitu nahi du. Sony Santa Monica-k garatutako God of War bikaina izango da ordenagailuetara iritsiko den PlayStationen hurrengo jokoa: Kratos eta Atreus aita-semeen abentura urtarrilaren 14an helduko da Steamera eta EGSra. Hurrengoa, Naughty Dog-en Uncharted 4 eta honen The Lost Legacy espantsioa batuko dituen Uncharted: Legacy of Thieves izango da.

Etorkizunean are port gehiago espero dira: Nvidia-ren Geforce Now zerbitzuan emandako filtrazioan Ghost of Tsushima, Demon’s Souls eta gehiago aipatzen ziren. Steameko datu basean Sackboy: A Big Adventure agertu da, gainera.

Horrez gain, Nixxes Software estudioa bereganatu zuten Sonykoek orain gutxi. Utrecht-ekoak adituak dira PCrako portak garatzen, beraz beraien eskutik ordenagailuetako saltoki digitaletara are obra gehiago iristea espero da.