Saros, Wolverine eta Ghost of Yōtei ez dira PCra iritsiko. Multijokalari tituluak multiplataforma izaten jarraituko dute: Marathon edo Marvel Tōkon, esaterako.
PlayStationek PCari agur esango dio. Jason Schreier kazetariak Bloomberg hedabidean aurreratu duenez, jokalari bakarrarentzako bideojokoen ordenagailuetarako port-ak alboratzeko erabakia hartu dute Sony-tik.
2020an Horizon Zero Dawn-ekin abiatutako estrategia bertan behera geratzen da, beraz, PlayStationen aldetik. Ordutik hona, God of War zein Ragnarök, Marvel’s Spider-Man 1, 2 nahiz Miles Morales, The Last of Us Part I eta Part II, Uncharted: Legacy of Thieves Collection, Returnal, Ghost of Tsushima, Death Stranding —eta egun batzuk barru helduko den Death Stranding 2—, Ratchet & Clank: Rift Apart, Days Gone, Sackboy: A Big Adventure eta Until Dawn kaleratu dituzte PCan, baita Horizon Forbidden West ere.
Erabakia ez dute ofizialki iragarri Sonytik, baina Schreierrek enpresari lotutako iturrien informazioa jaso duela adierazten du. Lehen galerak ere izendatzen ditu: Saros, Marvel's Wolverine eta Ghost of Yōtei ez dira ordenagailuetan argitaratuko.
Zergatia ez da argia, baina kazetariak hainbat arrazoi aipatzen ditu. Alde batetik, PlayStationen hainbat bideojokok ez dituztela salmenta onak lortu PCan. Lehen jokoak arrakastatsuak izan ziren Sonyrentzat, baina hartutako bideak jokalariak nahastu ahal izan dituela azaltzen da artikuluan; izan ere, argitalpenen erritmoa ez da batere egonkorra izan arduradunen aldetik. PlayStation Network erabiltzaileekin eta herrialdekako mugekin jazotako arazoak ere azpimarratzen dira: Sonyk atzera egin zuen, baina joko batzuekin ezinbestekoa zen PS kontua sortzea.
Beste aldetik, kontsolaren marka kaltetzeko beldurra nabarmentzen dute Schreierren iturriek, PlayStation 5aren zein ondorengo gailuen salmentei eragiteko zalantza zabalduz exekutiboen artean.
Iturriek aitortu dutenez, estrategia aldaketak ez du behin betikoa izan behar; inoiz baino aldakorragoa den bideojokoen industrian, multiplataforma egiturara aldatzea beti da aukera bat.
PlayStation ez da guztiz aldenduko PCaren ekosistematik, ordea: online jokoak kaleratzen jarraituko du. Zehazki, Marathon edo Marvel Tōkon: Fighting Souls bezalako obrak aipatzen dira Bloombergen. Hauek ordenagailuetara edo beste kontsoletara eramaten jarraituko dute.
Dirudienez, Helldivers 2 bezalako zerbitzu erako tituluek irabazi handiak eskaini dizkiote Sonyri; aldi berean, ez direnez PlayStation markari lotuta egon, ez dute eragin handirik izan kontsolen salmentengan.
PCko jokalariek aro bati agur esan beharko diote laster, hortaz: martxoaren 19an merkaturatuko den Death Stranding 2: On the Beach eta aurten ikusiko dugun Kena: Scars of Kosmora izango dira PlayStationek ordenagailuan argitaratutako jokalari bakarrarentzako azken tituluak.
Lander Unzueta
Iruzkinak