Beta fasean estreinatu da aukera berria. Hautatutako PS5eko bideojoko zehatzekin funtzionatzen du soilik.

PlayStation Portal eskuko gailua askoz interesgarriagoa bilakatu du Sony-k argitaratutako azken eguneraketarekin. PlayStation Plus harpidetza zerbitzuan eskaintzen dituen bideojokoak streaming bidez jokatzeko aukera dauka orain.

Orain urtebete merkaturatu zen PS Portalen erabilera oso mugatua izan da orain arte. Ezin zituen bideojokoak bere kabuz mugitu —tira, adabaki berriarekin ere gauza bera esan daiteke—: horren ordez, etxeko PlayStation 5 kontsolara lotu behar genuen, bertan exekutatzen genituen tituluen irudia, soinua eta aginteak saretik partekatzeko. Hau da, haririk gabeko pantaila zen.

Benetan interesgarria izan litzatekeen gailua alboratu dute askok arrazoi horregatik. Momentuz beta probaldian estreinatu den eguneratzeak dena aldatzen du, zorionez: ezin ditzake jokoak natiboki mugitu, baina, oraindik aurrera, ez da beharrezkoa kontsolarik edo jokorik edukitzea.

Aspalditik PlayStation kontsoletan zein ordenagailuetan erabil zitekeen zerbitzua jaso du hortaz Portalak; dirudienez, erabilera berbera da, baita kalitate eta esperientzia orokorrak ere. 1080p/60fps kalitatea eta DualSense agintearen ezaugarri bereziak agintzen dira, baina bidean 3D audioa eta bestelako gaitasun batzuk desaktibatuko dituzte.

Ez dago ordainpeko zerbitzua dela esan beharrik: PlayStation Plus Premium, hau da, zerbitzurik garestienaren barruan erabil dezakegu bakarrik.

Hori bai, beste muga bat aurkituko dugu: streaming bidezko jokoen katalogoa PS5eko joko zehatzetara murriztuta dago —PCko streaming ezaugarria PS4ko jokoetarako erabil daiteke soilik—. 120 titulu aipatzen dituzte Sonykoek: Ghost of Tsushima, Marvel’s Spider-Man: Miles Morales eta Monster Hunter Rise daude katalogoan, besteak beste.

Hortaz, PlayStation 4ko zein PlayStation 3ko klasikoak PS Pluseko streaming zerbitzutik kanpo geratzen dira, oraingoz behintzat.

Gaitasun berria probatu nahi dutenek streamingaren beta PS Portalen ezarpenen menuan aurki dezakete.

 

PlayStation benetako eramangarria prestatzen ote dabil?

PlayStationen sasi eramangarria gaur egun ikusten gabiltzan kontsolen eta gailuen arrakasta jarraitzen dabilela esan daiteke, baina ez da bakarra. Phil Spencer Xbox-eko arduradun nagusiak kontsola eramangarria prestatzen dabiltzala baieztatu du orain gutxi, hasteko.

Switch arrakastatsuaren oinordekoa iritsiko zaigu laster, gainera; PCko jokalariek, bitartean, sekulako zaparrada bizi dute azken urteotan Steam Deck, Asus ROG Ally, Lenovo GO edo GPD Win bezalako hardwareekin.

Azken boladan PlayStationi lotutako zurrumurru interesgarria jaso dugu: dirudienez, hurrengo belaunaldirako kontsola eramangarri berria prestatzen ibiliko litzateke. Oraindik ezin dezakegu bermatu filtrazioaren zilegitasuna, baina, egia izanez gero, AMDrekin elkartu direla diote.