Nintendo 64-ko klasikoak Panel de Pon jokoaren mekanikak sakelako munstroen unibertsoarekin girotzen ditu. Expansion Pack-eko harpidedunek jasoko dute.
Nintendokoek Switch kontsola hibridora bideojoko klasikoak eramaten jarraitzen dute. Hasiera batean iragarritako Nintendo 64ko obra guztiak kaleratu ondoren, hurrengoa Pokémon Puzzle League izango dela jakitera eman dute: ostiralean merkaturatuko da.
Nintendo Switch Online + Expansion Pack harpidetzara orain arte iritsitako jokorik ezezagunenetakoa da. 2000. urtean kaleratua, izenak adierazten duen modura, puzzle jokoa dugu. Zehazki, Panel de Pon frankizian oinarritutako mekanikak aurkezten dizkigu Nintendoren lanak.
Hortaz, koloretako piezak ordenatzen ariko gara. Tetris Attack ezagutzen baduzu, antzeko ideia da: aldiro bi pieza mugituz kolore bereko hiru pieza edo gehiago lerro horizontalean edo bertikalean kokatzen ibiliko gara. Hori eginda, hauek desagertu, eta puntuak eskuratuko ditugu.
Pokémonen jokoak berritasun garrantzitsua ekarri zuen: bi dimentsiotan aritzeaz gain, hiru dimentsiotan ere joka dezakegu. Horrela, plano bakarrean aritu beharrean zilindro itxurako tauletan ariko gara lehiatzen.
Game Freak-en eta The Pokémon Company-ren frankizia atal estetikoan bakarrik nabarmendu beharra dago. Ez dugu mekanika berezirik ikusiko Pikachu eta beste piztiekin; asko jota, hondoak apaintzeko irudi desberdinak aukeratuko ditugu. Hori bai, aipatzekoa da animaziozko telesailean girotutakoa dela: ez da ohikoa izaten bideojokoei buruz hitz egiten ari bagara.
Bitxia da, baina Switchera iritsitako bi Pokémon jokoak ez dira “nagusiak”: Puzzle League jasoko dugu ostiralean, eta orain gutxi Pokémon Snap argazkilaritza titulua iritsi zen. Hala eta guztiz ere, Pokémon Stadium 1 eta 2 zerbitzutik kanpo daude momentuz.
Horiez gain, Expansion Pack harpidetzak Super Mario 64, The Legend of Zelda: Ocarina of Time zein Majora’s Mask, Banjo-Kazooie eta beste hainbat titulu klasiko jaso ditu. Hauek ezin dira banaka erosi Switcherako: ezinbestekoa da NSO zerbitzuko harpidetza maila garestiko erabiltzailea izatea.
Japoniako jokalariek, gainera, beste bi joko esklusibo eramango dituzte harpidetza berarekin: Custom Robo eta Custom Robo V2 akzio eta rol tituluak iritsiko dira bertara ostiralean. Erabakia ez da harritzekoa: bi jokook ez ziren Europan kaleratu bere garaian.
Mega Drive-z ahaztu gabe
Pokémon Puzzle League ez da izango uztailean zerbitzura iritsitako joko bakarra, ordea; izan ere, hilabete hasieran Sega Mega Drive kontsolako lau titulu jaso zituzten jokalariek.
Hauek Comix Zone komikilarien beat ‘em up abentura, Mega Man: The Wily Wars bilduma eraberritua, Target Earth akziozko jokoa eta Zero Wing shoot ‘em up obra izan ziren.
Momentuz Nintendokoek ez dituzte joko berriak zehaztu harpidetzarako. Hala ere, aurreikustekoa da datozen hilabeteetan are gehiago prestatzea. Ez hori bakarrik, kontsola gehiago ikusiko ditugula suposatzen da: orain hilabete batzuk Game Boy nahiz Game Boy Advance kontsoletako emulatzaileak filtratu ziren.
Iruzkinak