Euskaraz jokatu ahalko dugu lehen pertsonako abentura narratiboan. PlayStation 5 kontsolan zein ordenagailuan kaleratuko da.

The Silent Swan euskaldunak argitaratze data jaso du azkenik. Donostiako Praenaris taldeak aditzera eman duenez, azaroaren 3an hasiko dugu Mirov Kavrazyma protagonistaren abentura.

Orain bi urte baino gehiago iragarri zuten The Silent Swan Praenariskoek; ordu hartan taldeak Studio Circenses izena zeukan. Xehetasun hori alboratuta, bideojokoak aldaketa gutxi jasan ditu aurkeztu zenetik: lehen pertsonan jokatuko dugun abentura narratiboa izango da.

Ibilaldi simulagailuen mekanikak hartuko ditu tituluak. Miroven rola beteko dugu bere bizitzako misteriorik handiena argitu nahian: harresietatik haratago dagoen lurralde ezezagunera joko dugu bere emaztea bilatzeko. Paperezko zisneak aurkitu beharko ditugu horretarako, bertako mezuak ezinbestekoak izango baitira aurrera egiteko.

Jokagarritasun minimalista eta girotzen zein estetika ederrak agintzen ditu donostiarren proiektuak. Urzhum eta Sernur hiriak, iragana zein etorkizuna eta Mirov nahiz bere emazte Selene izango dira ardatzak. Horrela, hartzen ditugun erabakiek amaiera desberdinetara gidatuko gaituzte.

 

Ametsak betez

Data iragartzearekin batera informazio garrantzitsua jakitera eman dute garatzaileek: The Silent Swan euskaraz estreinatuko da.

Ekain Zarraua sortzaileak hori egiteko asmoa aldarrikatu zuen orain urtebete baino gehiago, ““Zisne Isila izenpean euskarara itzultzea baino gauza gutxi gehiago gustatuko litzaizkiokela” esanez. Ametsa bete duela dirudi, Steam plataformako jokoaren fitxan interfazea zein azpitituluak gure hizkuntzan edukiko ditugula irakur baitezakegu; ahotsak, berriz, ingelesez entzungo ditugu.

PCan zein PlayStation 5 kontsolan kaleratuko dute. Azken plataforma honen kasuan, edizio fisikoa jasoko du Selecta Play argitaletxearen eskutik.

Esan bezala, azaroaren 3an merkaturatuko da The Silent Swan.