Aurten estreinatzeko asmoa daukate: lehen pertsonan jokatzeko beldurrezko abentura eratzen dabiltza.

Project Umbra izenarekin ezagutu genuen 2022 bukaeran, baina Embers of the Evening izango da Donostiako Praenaris estudioaren hurrengo tituluaren izena. Azken asteotan hainbat xehetasun ematen ibili ondoren, Steam plataforman jokoaren fitxa ireki dute irudiak ezagutzera ematen eta desiratuen zerrendara gehitzeko aukera eskaintzen hasteko.

Eguzkirik gabeko mundu ilunean, itsaso beltza zeharkatzen duen ontzi bateko marinelaren bizitza jarraituko dugu Embers of the Eveningen. Munduaren bukaeran aurkitzen den kondairako itsasargiaren bila doa, etxera itzultzeko itxaropen urriarekin; izan ere, baleen desagerpenarekin batera olioa aurkitzea geroz eta zailagoa da.

Eguneroko bizia ez da batere erraza izango marinelentzat: ontzia zein burua harrapatzen dituen iluntasunari aurre egiten ibiliko gara, baita amesgaizto latzetan murgiltzen ere.

Hori horrela, lehen pertsonan jokatzeko beldurrezko lana dugu donostiarrena. Ludwig protagonista izarrik dagoenean ontziaren motorea zaintzen zein bestelako enkarguak betetzen ibiliko gara; tripulazioko beste kideak ere ezagutuko ditugu, hizketaldi luzeak mantenduz.

Egunez egindakoek, baina, gauean biziko ditugun amesgaitzak eraikiko dituzte. Horietan ez dugu nor garen jakingo, eta era guztietako munstroak zein arriskuak ikusiko ditugu.

Embers of the Evening aurten estreinatzeko asmoa daukate Praenariskoek: data zehatza, baina, iragarri gabe dago oraindik.

 

Denetariko proiektuen artean

Iaz antolatu genuen Jokoteknia Bideojokoen Euskal Jardunaldian Ekain Zarraua Praenaris estudioko arduraduna ekarri genuen: taldearen ibilbidea ezagutu genuen berarekin, baita etorkizunera begira hartu dituzten erronkak ere.

Bertan ezagutu genuen Embers of the Evening; gainera, estreinatzear zegoen The Silent Swan ederrari buruzko xehetasunak eman zizkigun sortzaile eibartarrak.

Praenarisek hirugarren proiektu bat dauka esku artean. Arima Lodge deitutako doako bideojoko txikia kaleratu zuten 2022an, baina hori handitzeko eta hobetzeko lanetan dabiltza orain: hau ere 2024rako prest izatea aurreikusten dute.

Indie Spain Jam ekimenean argitaratutako bertsioan hotel bateko igogailuaren arduradunaren kontrola hartuko dugu. Hotelak, baina, sekretuak dauzka…