Errealitate birtualerako beldurrezko proiektua izango da. Aurretik Studio Circenses deitutako taldea da Praenaris.
Nafarroako Praenaris bideojoko estudioak proiektu berria aurkeztu du: Project Umbra deitua, eguzkirik gabeko mundura eramango gaitu.
Hori horrela, beldurrezko titulua izango da Umbra. Itsasontzi baten gainera igoko garela adierazi dute sare sozialetan. Are gehiago: ontzi hori errealitate birtualean esploratzeari ekin beharko diogu; izan ere, VR gailuetarako lana izango da Praenarisena.
Nafartarrek ez dute askoz gehiago zehaztu: lehen ilustrazioa utzi digute zer nolako girotzea prestatzen dabiltzan ikusteko, baina ez dute argitaratze datarik, ez plataformarik aditzera eman.
Bitartean, zisneen zain
Egia esan, Project Umbran guztiz murgildu aurretik beste bideojoko bat argitaratu behar dute Praenariseko kideek. Izan ere, ez da estudio honi buruz Game Erauntsian hitz egiten dugun lehen aldia: Studio Circenses taldearen izen berria da Praenaris.
Hori dela eta, hainbaten aipatu dugun The Silent Swan kaleratu behar dute aurretik. Walking Simulator estiloko titulu hau PlayStation kontsoletan zein ordenagailuetan merkaturatuko dute datorren urteko apirilean.
Momentuz, baina, abentura eder zein misteriotsu hau probatzeko aukera daukagu; izan ere, Steam plataforma bidez doako proba deskarga dezakegu.
Bideojokoaren lehen uneak biziko ditugu bertan: Mirov Kavrazyma-ren rola hartuta honen emaztea bilatzea izango da gure helburu nagusia. Harresietatik haratago dagoen lurraldera bidaiatuko dugu emazteak utzitako paperezko zisneak jarraituta.
Aipatu modura, The Silent Swan apirilean estreinatuko da. Horren ondoren, iragarri berri duten Project Umbrarekin jarraituko du Praenaris estudioak.
Iruzkinak