Esplorazioa, misterioak eta mundu erraldoi zein ederra bilduko ditu Studio Circenses-eko garatzaileen lanak. Oraindik ez dauka argitaratze datarik.

Studio Circenses garatzaile nafarrak bere lehen proiektua ezagutzera emateko bideo harrigarria zabaldu du PlayStation-ekin batera. The Silent Swan itxurosoak istorio sakona eta mundu misteriotsua eskainiko ditu PS5-ean eta PS4-an zein ordenagailuetan.

Walking Simulator generoko lana sortzen dabiltza CreaNavarra zentroko ikasleak. Hortaz, esplorazioa eta hizketaldiak izango dira nagusi tituluan.. Esan bezala, gidoiak ere berebiziko garrantzia edukiko du: Mirov Kavrazyma-ren rola hartuta honen emaztea bilatzea izango da gure helburu nagusia. Harresietatik haratago dagoen lurraldera bidaiatuko dugu emazteak utzitako paperezko zisneak jarraituta.

Lurralde hau ikaragarria izango dela argi geratzen da trailerrean: nafarrak estetikoki prestatzen dabiltzana liluragarria da. Hiri erraldoiak, basoak eta zubiak ikus daitezke; jokagarritasun minimalistarekin, hauek txirrindu gainera igota zeharkatzea eta bertako sekretuak argitzea izango da gure betebeharra. Kavrazyma eta bere emaztearen istorioaz gain, pertsonaia desberdinen egoerak eta testuingurua izango dira tituluaren beste ardatzetako bat.

The Silent Swan eratzeko Firewatch, Bloodborne zein Shadow of the Colossus hartu dituzte oinarritzat Circensesekoek. Posible bada, euskaratzeko asmoa ere aipatu du Ekain Zarraua garatzaile eibartarrak: euskarazko bertsioa baieztatu gabe utzi duten arren, “Zisne Isila-ren izenpean euskarara itzultzea baino gauza gutxi gehiago gustatuko litzaizkiokela” adierazi du sortzaileak.

Horrez gain, bideojoko nafarraren egungo bertsiora laster jokatzeko aukera izango dugu; izan ere, ekainaren 13an Valve-k abiaraziko duen Steam Next Fest ekimenean The Silent Swanen probara jokatzeko aukera egongo dela jakitera eman dute garatzaileek. Aurretik ere probatu ahal izan genuen: estudioaren itch.io webgunean demoa argitaratu zuten joan den urte bukaeran.

Argitaratze datari dagokionez, oraindik ez dute zehaztu. Otsailean adierazi zutenez, PlayStation Talents-en babespean garatzen ari diren titulua urte bukaeran kaleratzeko asmoa daukate. Esan bezala, PlayStation 5, PlayStation 4 eta PC plataformetara iritsiko da The Silent Swan.