Joxeba Lizeaga arduratu da Jordan Mechner sortzailearen 1989. urteko klasikoa lokalizatzeaz: MS-DOS sistema eragileko bertsioa itzul dezakegu.

Bideojokoen munduko beteranoek ondo baino hobeto ezagutzen duten obra da Prince of Persia originala. 1989ko titulu mitikoa askoren lehen bideojokoa da, eta, orain, ziegei eta oztopoei gure hizkuntzan aurre egingo diegu.

MS-DOS sistema eragileko bertsioa hartu eta euskaratu du Joxeba Lizeaga Game Erauntsia Elkarteko kideak. Pantaila nagusia, interfazea eta bestelakoak aurkituko ditugu gure mintzairan: jokoaren testu guztiak, alegia.

Itzulpena aplikatzea erraza da. Jarraian dituzue jarraitu beharreko pausoak:

  1. Adabakia deskargatu eta deskonprimatu.
  2. Barruan aurkitzen den Lunar IPS programa ireki.
  3. ‘Apply IPS Patch’ botoian sakatu, eta ‘prince_euskera_adabakia’ hautatu. Ondoren, Prince of Persiaren MS-DOS bertsioko ‘prince.exe’ fitxategia aukeratu adabakia aplikatzeko ('All files' hautatu beharko duzue esploratzailean .exe fitxategia agertzeko).
  4. ‘Apply IPS Patch’ botoian sakatu, eta ‘title_euskera_adabakia’ hautatu. Kasu honetan, jokoaren karpeta nagusian dagoen ‘title.dat’ fitxategia aukeratu adabakia aplikatzeko ('All files' hautatu beharko duzue esploratzailean .dat fitxategia agertzeko).

Errotoskopiaren teknika erabilita, Jordan Mechner garatzaileak bideojokozaleak zur eta lur utzi zituen Prince of Persiarekin zein aurretik argitaratutako Karateka famatuarekin. Pertsiako printzearen abenturak jokagarritasun zaila eta zorrotza eskatzen du: ordubete daukagu gotorleku arriskutsuaren dorrera iristeko. Bidean tranpak, oztopokoak, zaindari zitalak eta bestelako arriskuak aurkituko ditugu hamabi mailetan zehar.

 

Ibilbide luzeko altxorra

Klasiko hutsa, zalantza barik: Apple II gailuan argitaratu zuen Mechnerrek, eta, ostean, 1990eko MS-DOSeko bertsioarekin batera Amiga, Amstrad, MacOS edo Atari ordenagailuetan, SNES zein Mega Drive kontsoletan, Game Boy nahiz Game Gear eramangarrietan eta egungo gailu modernoetan zein mugikorretan ikusi dugu, besteak beste, Prince of Persia originala. 

Ezin gaitezke ostean jaiotako jarraipen bikainez ahaztu, noski: Ubisoft-ek Prince of Persia: The Sands of Time zoragarriarekin berpiztu zuen frankizia, ondoren Warrior Within, Prince of Persia 2008 edo orain gutxi ikusitako The Lost Crown zein The Rogue Prince of Persia zoragarriak kaleratzeko.

Ospatzekoa, beraz, jatorrizko bideojokoa gure hizkuntzan egotea. Game Erauntsiaren euskarazko bideojokoen zerrendan aurkituko duzu 1989ko Prince of Persiaren euskaratzea beste 198 titulurekin batera.