OLED pantaila, 4K bereizmena, HDR eta begien jarraipena edukiko dute gailu berriek. Oraindik ez dute kaleratze datarik zehaztu.
Las Vegas-en egindako CES azoka hautatu dute Sony-koek errealitate birtualeko gailu eraberritua berriz erakusteko. PlayStation VR2 betaurrekoen zein VR2 Sense aginteen buruzko xehetasun guztiak eskaini dituzte bertan.
Izena baieztatzearekin batera, zehaztapen teknikoak ezagutzera eman ditu Hideaki Nishino PlayStationeko platforma esperientziako zuzendariordeak. Errealitate birtualeko bideo-jokoak “maila berri batera” eramango dituztela azpimarratu du PS Blogean idatzitako artikuluan; horretarako, hainbat ezaugarriz baliatuko dira.
Ikusmen zehaztasun maila ikaragarria eskainiko dute VR2ek: begi bakoitzerako 2000×2040-ko bereizmeneko OLED pantailak edukiko dituzte, 90 eta 120Hz-ko irudi tasak erakusteko. 110 graduko ikus eremua, HDR erabiltzen duten jokoetarako euskarria baieztatu dute, gainera.
Kanpoko kamerarik gabe erabili ahalko dira VR2ak. Jokalariaren mugimenduak jarraitzeko kaskoen barruan dauden kamerak erabiliko dituzte garatzaileek.
Begien jarraipena edukiko dute baita ere betaurrekoek. Horri esker, begiradarekin bakarrik aginteak eman ahalko dituzte jokalariek. Begien jarraipenarekin, 3D audioarekin eta PS VR2 Sense aginteekin murgiltze sentipen ikaragarria eskainiko dutela aldarrikatu du Nishinok.
VR2 Sense aginteak dagoeneko aurkeztu zituzten arren, xehetasun berriak emateko aprobetxatu dute japoniarrek. DualSense agintea horren zoragarria izatea lortu duten ezaugarri haptikoak edukiko dituzte errealitate birtualerako aginteek, nola ez; L2 eta R2 botoietan efektu bereziak egongo dira jokoaren arabera: esaterako, tiro egiterakoan armaren bibrazioak nabarituko dira.
Horrez gain, atzamarrak botoien gainean jarrita detektatuko dituzte aginteek: ez da botoirik zanpatu beharko. Bluetooth 5.1 bidez komunikatuko dira beste gailuekin.
IGN agerkarikoek beste errealitate birtualeko gailuekin alderatu dituzte PS VR2ak taula interesgarri batean:
Bestalde, PlayStation 5 kontsolara konektatzeko USB-C kable bakarra erabiliko dute betaurrekoek. Hori horrela, orain arteko errealitate birtualeko gailuetan ikusitako kable mordoa edukitzea saihestuko da.
Informazio guzti hau eman duten arren, oraindik ez dute kaskoen irudirik erakutsi. Aginteak, ordea, 2021eko martxoan iragarri zituzten. Argitaratze datarik eta preziorik zehaztu gabe bukatu dute Sonykoek aurkezpena.
Hori bai, hardwarearekin batera hau aprobetxatuko duen lehen softwarea erakutsi dute. Horizon: Call of the Mountain izango da PS VR2en aukera guztiak erabiliko dituen lehen jokoetako bat; Horizon frankiziako abentura izango da. Guerrilla Games eta Firesprite estudioak elkarlanean garatzen ari dira: azkena irailean bereganatu zuen PlayStationek; errealitate birtualeko jokoak garatzen adituak dira.
Iruzkinak