Sparkles izeneko espazioko igarabaren kontrola hartuta galaxia konkistatzeari ekingo diogu bullet hell honetan.
CreaNavarra zentroko ikasleek osatutako Purple Gum Games estudio iruindarrak Otter’s Hell aurkeztu du. Ez hori bakarrik, honen proba doan eskaini dute euren itch.io web orrialdean.
Akzioa eta abentura batuko dituzte roguelike ezaugarriekin. Ezin daiteke bere protagonista berezia ahaztu: Sparkles deitutako espazioko igarabarekin jokatuko dugu. Bere helburua: Igaraba Inperioa galaxia osotik zehar hedatzea. Ez da erraza izango, bera baita inperioko kide bakarra. Gainera, Hamster Inperio zitalari aurre egin beharko dio.
Kanoi igarabatzailearekin batera planeta desberdinetara bidaiatuko du; honi esker, munduak terraformatuko eta horien baliabideak eskuratuko ditu. Harribitxi erraldoiekin betetako kobazuloak, basamortuan kokatutako harroila ikaragarria zein sasiez, landarez eta perretxikoz gainezka egiten duten oihanak igaroko ditugu Sparklesekin.
Bullet Hell kutsua dauka Otter’s Hellek: ikuspegi isometrikoarekin jokatzen dugula stick batekin pertsonaia mugituko dugu; bestearekin, ordea, gure ingurura apuntatuko dugu. Oztopoak saihestea eta etsaiak akatzea izango da gure betebeharra. Nola ez, kaosa nagusi izango da maila desberdinetan: kokalekuak tranpekin gainezka egongo dira, eta arerioen tiroek gure pantaila betetzea lortuko dute. Hortaz, agintearekin trebeak izan beharko gara erasoak ekiditeko eta bizirauteko.
Hori guztia atal grafiko ederrarekin, koloretsuarekin eta alaiarekin biltzen du tituluak. Mailak xehetasunez beteta daude, girotze anitzak erakutsita eta diseinu dibertigarria duten pertsonaiak aurkeztuta. Esan bezala, proba PCrako jaitsi daiteke itchi.io webgunetik; dena den, garatzaileek bideojokoaren garapena bukatzeko asko falta dela adierazi dute: “Hau guztia oraindik garatzen gabiltzan eta fintzeko ezaugarri asko dituen proba demoa baino ez dela azpimarratu nahi dugu”.
Otter’s Hellek ez dauka ez argitaratze datarik, ez baieztatutako plataformarik oraindik —behin betiko bertsioa PCra iritsiko dela suposatzekoa den arren—. Hala ere, iruindarrek “laster” berritasunak eskaini ahal izatea espero dute.
Iruzkinak