Maite ditudan bideojokoetara behin eta berriz jokatzeko ohitura daukat. The Legend of Zelda, Resident Evil, Metroid eta beste hainbat saga ezagunetako hainbat titulu ia buruz ezagutzen ditut dagoeneko: hartu beharreko biderik onenak, istorioaren egitura, objektu bakoitzaren kokapena, ezkutatutako sekretuak… ez dut esango jokootan speedrun-ak egiteko gai naizenik, baina bai behintzat galdu gabe jokatzen aritzekoa.

Ocarina of Time, Metroid Prime edo Hollow Knight izugarrizko maisulanak direla deritzot; ez nuke ia ezer aldatuko horietan. Hala ere, hirugarrenez jokatzen hasterakoan bideojokootan berritasunen bat edo beste ikustea eskertuko nuke: gatza eta piperra emango lioketen ezaugarriren bat, zailtasun maila areagotua, aurkituko gabeko sekretua edo amaiera guztiz ezezaguna.

Zorionez, badira antzeran pentsatzen duten zaleak; ez hori bakarrik, programazio lanetan trebeak direnak daude gure artean, eta eskerrak. Horiek abiatutako proiektuekin geroz eta arruntagoa da bideojoko klasikoak eraldatzen dituzten lanak aurkitzea: orain gutxi hitz egin genuen, esate baterako, komunitateak sortutako kode irekiko obra guztiz berriakhobetutako bideojokoak edo kaleratutako lanetatik abiatutako mod independenteak.

Eratutako proiektuen artean, baina, besteak beste, Nintendo-ren, PlayStation-en edo zenbait indie estudioren obrak buruz ezagutzen dituztenei zuzendutako randomizer eraldaketak nabarmenduko ditugu oraingoan. Zer proposatzen dute randomizerrek? Jokoaren mekanikak eta oinarriak aldatu gabe, bertako elementuak ausaz trukatzea. Hau da, objektu nagusiak lekuz aldatuta egon daitezke, buruzagiak edonon agertzea ahalbidetu dezakegu —bai, hasierako gelak barne—, edo, kasurik ero eta zoragarrienetan, bi joko batzeko aukera dago hauen arteko sinergia bitxia eta zoroa sortzeko.

Adibideak anitzak dira benetan, eta proposamen interesgarriak zein desafiatzaileak aurki ditzakegu randomizerren artean. Ausazkoak izango diren objektuen zerrenda eratzea —zailtasun maila ezartzeko—, beste jokalariek erabili dituzten partida —edo hazi— berberak sortzea… Erremintok aukera sorta zabalak eskaini ohi dituzte, gainera.

Etor zaitez kasurik esanguratsuenak eta berezienak ezagutzera.

 

The Legend of Zelda: Ocarina of Time

Nintendoren abenturen sagak aurkeztutako oinarriak zeharo aproposak dira randomizerrek proposatzen dutena burutzeko. Zelda klasikoetan objektuak bilatzea eta abileziak lortzea da gure betebehar nagusia: horien kokapena aldatuta, jokoaren egitura eta ordena erabat alda daitezke, egoera zoroak eta dibertigarriak eraginda. Frankiziako hainbat jokok jaso dituzte randomizer aukerak, baina batzuetan sorkuntza apartak egin dituzte.

The Legend of Zelda: Ocarina of Timek hainbat randomizer proiektu ditu. Interesgarriena, eta ziurrenik probatzeko erosoena, Harbour Masters zaleen taldeak sortutako Ship of Harkinian port-a erabiltzea da. Port honek jatorrizko bideojokoan PC-an, Switch-ean zein Wii U-an natiboki jokatzea ahalbidetzen digu, emulatzailerik erabili gabe. OoT originalaz ezer aldatu gabe gozatzea eskaintzeaz gain, era guztietako ezaugarriak aktiba daitezke: randomizer aukerak, horien artean.

Aukera sorta zabala dakar portak. Esaterako, objektuak nahiz guneen kokalekuak alda ditzakegu: adibidez, Kokiri basotik irteterakoan Gerudo Haranean buka dezakegu, edo Ruto Barinaderen atzaparretatik salbatzerakoan Zora Zafiroa lortu beharrean, bost errupia lortu.

Onena, baina, jokoa hasi aurretik randomizerraren zailtasuna ezartzeko ezaugarriak dira: ziegetako eta tenpluetako giltzak kanpoaldeko lekuetan egotea erokeria izan daiteke, beraz hori muga daiteke. Edo agian ikaragarrizko odisea bizi nahi dugulako Hyrule-ko zelaietatik sakabanatutako haitz zuloetan denetariko objektuak agertzea hauta dezakegu.

Zailtasun maila edozein dela ere, eskertzekoa da Sheikah harriek jarraibideak aditzera emateko aukera aktibatu ahal izatea. Modu horretara, aurkitu ezin gabiltzan Megaton mailua non dagoen iradoki dezakete, adibidez. Gainera, randomizer bakoitzak hazi propioa dauka: horrela, jokalariek haziak parteka ditzakete ausazko abentura berera jokatzeko. Ocarina of Timen zale amorratuenentzat zein randomizerrekin hasi nahi dutenentzat proposamen interesgarria da, hortaz, Ship of Harkinianena.

Bestelako proiektuak ere egon badaude Ocarina of Timekin, noski: ezin naiz Majora’s Mask-ekin elkartzen duen randomizer berria aipatu gabe geratu. Ocarina of Time x Majora’s Mask proiektuak bi jokoak bakar batean uztartzen ditu: Ocarina of Timen ate batetik sartuta, Hyruletik Termina-ra lekualdatuko gara. Ocarinan Majorako objektu bat lortzen badugu, hau bigarren jokoan soilik erabili ahalko dugu. Adituenei soilik zuzendutako erronka, argi dago.

Oraindik beta fasean dago OoTMM; hortaz, arduradunak hainbat akats aurkituko ditugula abisatzen du —partida batzuk bukaezinak izango dira, kontuz beraz!—. Probatu nahi baduzue, proiektuaren webgune ofizialean sor dezakezue ROM fitxategi berezia.

 

Resident Evil Remake

Survival Horror-en mekanikak ere zoragarriak dira ausazkotasunak proposatzen duenerako, Resident Evil zaharrenenak, kasu. Mapa eskuan hartuta aurrera egiteko ezinbestekoak diren objektuak bilatzen ibiltzea eskatzen dute REren lehenengo atalek, akzioa alboratuta.

Randomizerrek prozesua biziberritu dezakete. Gitzak, enblemak, kodeak eta bestelakoak gela desberdinetan jarrita, jokalari profesionalak ere galduta ibiliko dira. Ez hori bakarrik: objektu arruntak bereziekin tokialdatuta, egoera barregarriak eta harrigarriak sor daitezke. Zer iruditzen G Virus-arentzako txertoa loreontzi batean aurkitzea? Edo bazooka hilgarria mapa gutun bat egon beharko litzatekeen lekuan hartzea? Nik zer dakit… korridorean mutatutako marrazoiarekin topo egitea?

Hori da, besteak beste, RERandomizer-en eskaintza: lehen Resident Evil-en berregitea hartuta —Steam-eko Resident Evil HD Remaster, zehatzago esanda— bere elementu guztiak ausazko bilakatzea. Objektu arruntak, arerioak, gelak zein itxitako ateak zabaltzeko kandaduak sartzen dira bertan. Hauek nahi bezala aukeratu ahalko ditugu partida hasi aurretik; gainera, munizioa edo sendatzeko belarrak randomizerretik kanpo uztea erabaki dezakegu.

Haziaren arabera partida ibilalditxoan edo inpernuan bilaka daiteke. Teorian, jokoa bukatzeko objektuak batuta azken kokalekura heltzea nahikoa da… eta hori hasieran gerta dakiguke, zorte askorekin. Bestalde, pentsa lehenengo gelatako batean bi Tyrant agertzen zaizkizula… ba tresna honekin posible da, bai. Laburbilduz, barre batzuk botatzeko zein erronka berriez gozatzeko modurik onena. Zelan ez, gauza bera egin dezakegu ia RE klasiko guztiekin: RE2, RE3, RE4 eta RE5 atalentzako randomizerrak ditugu komunitateak egindako lanari esker.

 

Metroidvaniak

Ziurrenik artikulu hau irakurtzen hasterakoan metroidvania generoan pentsatuko zenuen. Mapa erraldoiak, biltzeko objektu mordoa eta itxitako gune bereziak. Oinarri ezin hobeak randomizerrentzat. Hori dela eta, generoko obrarik esanguratsuenek halako proiektuak abiatu dituzte zaleen eskutik.

Hasteko, Castlevania: Symphony of the Night da estilo hontako lanik maitatuenetakoa, eta Wild Mouse garatzaileak prestatutako randomizer tresnak dozenaka aldagai eskaintzen dizkigu jokoa konplikatzeko. Aurretik ezarritako arauak ardatz dituzten haziak sor ditzakegu; erronka bitxiak daude, hala nola armarik gabe abentura osoa gainditzekoa. Erlikiak lekualdatzea da aukerarik ohikoena: horrela, ibilbide originala zeharo aldatuko dugu.

Bigarrenik, Hollow Knight bikainak mod sorta zabala dauka, eta horien artean auskazkotasunarena dago: hainbat eguneraketarekin, gaur egun hobetzen jarraitzen duten moda da. Team Cherry-ren bideojokoa nahiko zaila da berez; hortaz, ausazko elementuekin amesgaiztoan bihur daiteke. Zorionez, beste mod batzuekin batera erabil daiteke: kooperatiboarena, adibidez. Modu horretara, esperientzia hau pixkat erraz dezakegu, multijokalariarekin zoramena areagotuta.

Bukatzeko, ezin gara Metroid sagaz ahaztu. Samus Aranen ia bideojoko nagusi guztiek daukate baliabideak tokialdatzeko tresnaren bat edo beste: Dread eta oraintsu argitaratutako Prime Remastered alboratuta, aurreko guztietan aurkituko ditugu randomizerrak. Interesgarriena, baina, SNES-eko Super Metroid bideojoko guztiz desberdin batekin elkartzen duena da: kontsola bereko A Link to the Past-ekin, hain zuzen ere.

Super Metroid and A Link to the Past Crossover Randomizer proiektuak Nintendoren bi lanak batzen ditu esperientzia zoragarria eskaintzeko. Ganon eta Mother Brain akatzea da xede nagusia: horretarako Linken zein Samusen rola bete beharko dugu bakoitzaren munduan. Hyruletik gabiltzala punta-puntako Chozo teknologia aurki dezakegu; Zebes planetan, berriz, tresna magikoak izango dira nonahi. Bata besteari lagunduta egingo dugu aurrera.

 

Mugarik gabe

Agerikoa denez, randomizerren munduak ez dauka inongo mugarik. Bideojokozaleen komunitateak sekulako bitxikeriak egitea lortu du beren titulurik maitatuenekin. Artikuluan aipatutakoak gure arreta erakarri dutenak dira, baina antzeko dozenaka proiektu daude sareetatik sakabanatuta.

The Elder Scrolls sagako Morrowind, Oblivion edo Skyrim, Duck Tales, Pokémon gehienak, The Simpons: Hit and Run, Subnautica nahiz Dark Souls frankizia dira fenomeno honen jarraitzaileak bildu dituzten jokoak, beste hainbaten artean.

Randomizer tresnok bilatzea ez da erraza izaten; dena den, jokalariek hauek biltzeko zerrendak prestatu ohi dituzte. Osoenetakoa da Debigare-n “Randomizerren zerrenda HANDIA”: hilabetero eguneratzen doa, azken lanak nabarmenduz.