Creaks Amanita Design taldeak 2022ko uztailaren 22an kaleratutako bideojokoa dugu. Hainbat tokitan dago eskuragai: Apple Arcade, Steam, GoG, Itch.io, Nintendo Switch, Xbox One eta PS4 saltokietan, hain zuzen. Windows eta Mac bertsioak daude erabilgai ordenagailuei dagokienean. Eskuz marraztutako plataforma bidezko puzzle abentura atmosferiko bat bezala aurkezten dute bere egileek.

 

Hegazti antropomorfikoen bizileku bitxian murgilduz…

Hasierako planteamendua nahiko berezia irudituko zaio bat baino gehiagori. Bere logelan lasai-lasai irakurtzen dagoen gizonezkoa gara, eta bat-batean argia itzaltzen hasten da, ondoren lurrak dar-dar egiten du. Ondorioz, horma-paperaren zati bat erori egiten da, eta gure gelako horman pasabide bat dagoela ikusten dugu, jakinminak espero ez dugun toki batera eramango gaitu.

Eskailera batzuetan beherantz joanez, kokaleku bitxi batera helduko gara, eta modu oso arraroan egindako eraikinetara ere. Gizakiekin antzekotasunak dituzten hegazti itxurako izaki batzuk aurkituko ditugu. Hori ez da dena, aurreko lurrikarak eraikin kanpoaldean omen dagoen izaki erraldoi batek sortarazten dituela dirudi. Eta, gainera, iluntasunean daudenean, zenbait altzari eraikin bitxi hauen zaindari arriskutsu bilakatzen dira.

Argiaren erabilerak garrantzia handia bereganatuko du zenbait eszenatan.

Azaldutako egoera sinestezinean, protagonista bezala, aipatutako zaindariak aztertu beharko ditugu maila bakoitzean konponbide bat aurkitzeko. Izan ere, mota desberdinetako jagoleak daude, eta denak dira geu baino indartsuagoak, kolpe bakarrean erailko gaituztelarik. Batzuek txakur zaindariak dirudite, beste batzuek marmoka hegalariak eta gure mugimenduak kopiatzen dituzten izaki arriskutsuak ere badaude.

Jokoaren estetika oso erakargarria suertatuko zaie zenbait jokalariri, ukitu misteriotsua dauka, beldurrezko arlora hurbil zitekeena baina benetan bertan murgiltzen ez dena. Eraikinen barrualdeak modu barrokoan apainduta daudela esan daiteke, hainbeste objektuz beteta. Batzuetan liburu piloak agertuko dira, beharrezkoak diruditenak baino esku-eskailera gehiago eta bestelako objektu abandonatuak.

Jokoak oso kontrol eredu sinplea dauka teklatu zein aginteak erabiltzerakoan.

Guzti honek itxura erdi goibela ematen dio jokoari, orokorrean tonu triste eta ilunen artean dantza egiten duena. Aldi berean, eskuz maitekiro egindako marrazkiak direla argi ulertzen da, horrelako zerbaiten bila dabilenarentzat oso erakargarria izan daitekeena. Amanita Design taldearen zigilu propioa nabari zaio, beraien beste artelanetan bezala. Hidden Orchestra izeneko konposatzaile eta musikariak modu aproposean batzen zaion soinu banda gehitzen dio jokoari.

 

Estetikaz haratago, puzzleen maitaleentzat egina

Oso garrantzitsua da jokoaren izaera deskribatzea, gaizkiulerturik sor ez dadin. Ehuneko oso handi batean buruhausgarriak konpontzea eskatzen duen bideojokoa da. Mugimendu, abiadura eta antzeko trebetasunak eskala oso txikira izan dira murriztuak. Etsaien mugimenduak, jokabideak eta aukerak ebaluatu ondoren ingurugiroa gure alde erabili beharko dugu, egoerei etekina atera eta aurrera ekiteko.

Istorioak aurrera egin ahala, hegaztiei gertatzen ari zaienaren berri izango dugu.

Hasierako begirada bat emanda, akzioa eta puzzleak modu orekatu batean uztartzen dituen itxura interesgarriko jokoa dela pentsa dezakegu. Hori gertatu zitzaidan niri ere, gero, buruhausgarriek jasotzen duten azpimarra ikusi nuen. Hala ere, kasu honetan aurrera jarraitu nuen eta proposamen duina dela deritzot. Horregatik, komenigarria dakusat honi buruz ohartaraztea, izan ere, jaso izan ditu zenbait kritika honi buruz jokalari batzuengandik.

Jokoaren estetika oso erakargarria suertatuko zaie zenbait jokalariri, ukitu misteriotsua dauka.

Aurkezten zaigun maila bakoitzari, Creaks-ek “eszenak” deritze eta oso ondo bananduta daude. Honelako 61 aurkituko ditugu, guztiak buruhausgarriak ez diren arren. Erronka bakoitza kapitulu bakar bat bezala gordetzen da eta menu nagusitik jadanik aurkitutako guztiak izango ditugu erabilgai. Ez hori bakarrik, sarritan, eszena baten barruan, erailak izan baino lehen egindako aurrerapenak ere gordeko dira, puzzlea berriz hasiera-hasieratik has ez dezagun. Zentzu honetan jokalariaren denbora errespetatzeko ahalegina nabaritzen da. Eskertzekoa da buruhausteetan mugarriak modu hain zehatzetan jarri izana.

Gure logelako pasabidea jarraituz aurkituko dugun lurraldea arraroa eta misteriotsua da.

Abenturan zehar, izaki hegaztien gizartea erakusten duen margolanen bat aztertu ahal izango dugu. Ia guztiek daukaten sokatik tira egin eta marrazkiak mugimenduan jartzen dituzten mekanismoak dauzkatela ikusiko dugu. Horrela ez den kasuetan, margolan interaktiboak izaten dira, barnean erronkatxo bat eskaintzen dizkiguten minijokoak. Gehienetan, jokoaren buruhausgarri arruntak baino errazagoak diren denborapasa txikitzat har daitezke.

Etsaien mugimenduak, jokabideak eta aukerak ebaluatu ondoren ingurugiroa gure alde erabili beharko dugu.

Creaks-ek saiakera on bat egiten du bere zailtasun mailakatzea ahalik eta natural zein neurtuena izan dadin. Egongo dira, zalantzarik gabe, besteak baino zailagoak irudituko zaizkigun eszenak baina orokorrean puzzleen alorraz gozatzen dutenek erronka sorta orekatu bat izango dute, gauzak errazegi jarriko ez dizkiena.

Ia bere osotasunean buruhausgarriz osatuta dagoen artelana dela ulertuz gero, oso interesgarria suerta daitekeen produktua dugu. Steam saltokian gaur egun lortutako %95 iruzkin positiboek babesten dute badaudela honelako erronkak bilatzen dituzten jokalariak. Sei ordu inguruko iraupena eskainiko digun abentura honek inteligentzia edo egokitzeko trebezia eskatuko digu.