The Five Covens garatu berri dute bilbotarrek PS4rako. Garapen prozesuari eta euskaraz argitaratzeari buruz aritu gara beraiekin.
rBorn Games estudio bilbotarra bideo-jokoen industrian bete-betean sartu berri da. PlayStation 4rako The Five Covens plataforma eta puzzle jokoa kaleratu zuten pasa den otsailean; garapena PlayStation Talents Games Camp egitasmoarekin elkarlanean gauzatu dute Tartanga Lanbide Heziketako Ikastetxean ikasketak burutu bitartean.
Bideo-jokoa garatzeko eta argitaratzeko abenturan murgildu ez ezik, The Five Covens guztiz euskaratuta merkaturatzea lortu dute euskal garatzaileek.
Nortzuk osatzen duzue rBorn Games? Nola sortu zen estudioa eta zelakoak izan ziren bere hastapenak?
Gure taldea bost lankidez osatuta dago. Ethan Reyes animatzaile lanetan aritu da; programatzaile bezala Ismael Molano eta Unai Aranaga ditugu; Aitor Artetxe da gure artista eta Eder Garciak ekoizle lanak gauzatu ditu. Tartanga ikastetxean 3D animazioak, jokoak eta multimedia elkarreragileak goi mailako hezkuntza zikloan parte hartu dugu.
Ziklo hau pixkat desberdina da. Normalean lehenengo urtean teoria eman ondoren bigarrenean proiektu orokor bat egiten saiatzen dira; gure ikastetxean joko bat egitea da helburua. PlayStation Talents Games Camp egitasmoan parte hartzeko aukera azaldu zigun gure tutoreak, eta bigarren mailan zer nolako proiektua garatu behar genuen jakinda, aurreko udan elkartu eta nahi genuenok horretan lan egiten hasi ginen.
The Five Covens puzzle eta abentura jokoa kaleratu berri duzue. Nola sortu zitzaizuen bideo-joko hau egiteko ideia?
Elkartu ginen uda horretan brainstorming batekin hasi ginen: bakoitzak gustoko zituen aukerak proposatu eta bideo-jokoaren estiloa eta oinarriak eztabaidatu genituen. Hasiera batean The Five Covens oso desberdina zen gaur egun eratu dugun jokoaren aldean. PlayStation Talentsen sartzerakoan bilera batzuk egin eta jokoaren atal estetikoaren inguruan zer egin adostu genuen: ordura arteko bidea jarraitu edo erabateko aldaketa gogorra egitea eztabaidatu genituen. Jokoaren oinarria ez, baina egia da estetika guztiz aldatu dugula: orain askoz ederragoa da.
Zer nolako abenturak hartu dituzue oinarri bezala?
Guztiok jokatu dugu oso txikitatik PlayStationera, etxean geneukan kontsola izanik. MediEvil, Crash Bandicoot, Spyro eta halako joko klasikoetara jokatu izan dugu, eta gure aukeren baitan joko hauekin antzekotasunak eratzen saiatu ginen.
Zer aurkituko dugu bideo-jokoan eta nori zuzenduta dago?
Brenda gaztea gaztelu batera doa abentura honetan. Kenot bilauak giltzaperatu egiten du bertan bere botereak lapurtzeko asmoarekin. Brendak espetxetik ihes egiterakoan hasten da jokoa: gaztelutik istorioan zehar lortzen dituen ahalmenak erabilita irtetzea da helburua, puzzle eta arerioei aurre eginez. Plataforma jokoa da izatez, puzzle askorekin eta baita zenbait borrokarekin ere.
Gehienbat gaztetxoei zuzendutako abentura da, 13-14 urtetik gorakoentzat zehazki. PEGI maila 3 urtetik gorakoentzat da, ez baitago ez biolentziarik ez biraorik. Klasikoen erreferentziekin beteta dagoenez jokalari nagusiagoei ere gustatuko zaie gure jokoa: 25 urtera arteko jokalariei zuzenduta dagoela esan daiteke, nahiz eta edozeinek gozatu dezakeen, txikiek zein nagusiek.
Zenbat denbora iraun du garapen prozesuak?
The Five Covensen garapen prozesua benetan 2019ko irailean hasi zen, Tartangako bigarren ikasturtean hain zuzen ere. Hiru edo lau hilabetez demoa lantzen aritu ginen, baina PlayStationekin elkarlanean hasterakoan reboot bat egin genuen, berriz hasieratik ekin genion ia joko berria prestatuz. Istorioa berbera zen, pertsonaia berbera zen, baina gainerako guztia berria zen, zerotik hasi ginela esan daiteke. Elkarlana 2020ko martxoan hasi genuen, eta jokoaren ekoizpena azaroaren amaieran burutu genuen.
Non dago koxka? Guk ekoizpena bukatzen dugun arren, bideo-jokoa ez da jarraian argitaratzen, hainbat iragazki igaro behar ditu: akatsen zuzenketa, jostagarritasunaren oreka non dagoen neurtzea, etab. PlayStation Talentsen baitan eduki dugun denbora mugatua izan da, beste talde eta garatzaile batzuk sartu behar dira eta ezin dugu garapena bi edo hiru urtez luzatu. Orduan gure aldetik garatzen denbora gehiago eman nahiko genukeen arren, ez da posiblea izan.
Pandemia egoerak horretan eragina izan al du?
Garapen prozesuaren denbora gehiena etxetik lanean eman dugu. Deustun daukagun bulegoan ere egoten izan gara, etxetik lan egiteak bere mugak dituelako: jokoa PlayStationean frogatzeko dev kit edo garatzaileentzako tresneria bertan daukagu. Etxetik urrutik aginte bidez erabili genezakeen, baina izugarrizko nahaspila da, denbora mordoa eramaten zigun. Beraz lanik gehiena etxetik, baina bulegotik ere pasata egin dugu. Bideo-jokoen kasuan ez dago etxetik lan egiteko eragozpen handirik.
Hortaz, PlayStation Talents Games Camp egitasmoaren babespean garatu duzue The Five Covens. Zer suposatu du zuentzat elkarlan honek?
PlayStation Talentsek eskainitako laguntzen artean aholkularitza lana egon da. Relevo estudioko Jon Kortazarrek eta PlayStation Talentseko Iker Untzillak laguntza handia eskaini digute: zalantzak argitu, jokoa bideratzeko aholkuak eman… Askotan proposatutako ideiak onak izan arren denbora edo errekurtso aldetik ez ziren bideragarriak, esaterako, eta ezin dituzu bideo-jokoan gehitu.
Tamalgarria izan da, baina bizi garen egoeragatik azoka eta antzeko ekintzetara joan izan gabe gelditu gara: Fun & Seriousera, esate baterako. Online ekimenetan parte hartzeko aukera eduki dugu jendeak gure jokoa ikusi ahal izan dezan, baina noski, jokatzeko aukera egotea nahi genuen modu horretara feedbacka jasotzeko, hartu-eman bat egoteko.
Cel Shading estetika erabili duzue jokorako, zergatik hautatu duzue hau?
Arrazoietako bat denbora igaro ahala jokoaren atal grafikoa hobeto zaharkitzen dela da: bost edo hamar urte ondoren estetika ederra edukitzen jarraitzen du. Bestetik, publikoa daukala uste dugu: gu geu mota honetako jokoetara itxuragatik aritzen gara. Nahiz eta jostagarritasuna onena ez dela dakigun arren, atal estetiko eder batek gutxienez jokoa frogatzera animatzen gaitu.
Unity da jokoa eratzeko hautatu duzuen motor grafikoa.
Hasiera batetik gure graduan Unity erabiltzen ikasi genuen, orduan erraztasun handiak eman dizkigu jokoa garatzerakoan. Horren denbora mugatuarekin, gainera, ez daukagu beste motor grafikoak erabiltzen ikasteko tarterik. PlayStation Talentsen emandako laguntza teknikoaren aldetik ere berbera gertatu da: Unityn aditua den aholkularia eduki dugu laguntzen. Gure formakuntzak eraman gaitu bide horretatik.
PlayStation Talentsen baitan eduki dugun denbora mugatua izan da, beste talde eta garatzaile batzuk sartu behar dira eta ezin dugu garapena bi edo hiru urtez luzatu.
Egia da Unityk ematen duen atal estetikoak marrazki bizidunak gogora ekartzen dituela, indie jokoek hori jarraitzen dute askotan. Argiztapena eta koloreak oso lauak dira, eta hori lagungarria da estetika aproposa lortzeko unean. Unreal Engine, esaterako, fotoerrealismora bideratuta dago gehienbat.
Zuen lana euskaratuta argitaratu duzue. Euskaratzea zuen erabakia izan da? Itzulpena zuen kabuz egin duzue?
The Five Covens euskaratzea gure erabakia izan da. Bideo-jokoa Europan zein Amerikan kaleratu dugu; Europan argitaratzeko beharrezkoa da bost hizkuntzatan egotea gutxienez: ingelesa, frantsesa, gaztelera, alemana eta italiera. Horiez gain euskaraz argitaratzea ideia ona zela uste genuen.
Euskaratze prozesu guztiaz gu geu arduratu ginen: taldekideetako baten ama hizkuntza euskara izanik ez dugu inolako arazorik izan hori lortzeko.
PlayStationen aldetik eragozpenik izan duzue euskara jokoaren hizkuntzen artean gehitu nahi izaterakoan?
Ez zigun inolako oztoporik jarri. PlayStationekoek infografia eta testu guztiak zuzen dauden ikusteko frogak egin behar dituzte: testuak ondo ikusten diren, jostagarritasuna zuzena den… bertan Europarako beharrezkoak diren hizkuntzak ondo dauden ziurtatzen dute. Euskararen kasuan ez dute halako zuzenketarik egiten: guk egindako itzulpen lana denez gure esku utzi dute horren erantzukizuna.
Halako laguntzarik jaso ezean maila honetako jokoa argitaratzea posible izango zenutela uste duzue?
Erantzuna ezezkoa da zuzenean. PlayStation Talentsek, beste antzeko egitasmoak bezala, alde on eta alde txar asko dauzka. Halere egia da Euskal Herri mailan joko bat, behintzat PlayStationerako, argitaratzeko zailtasun handiak daudela. Kontsolan gainditu beharreko iragazkiei buruzko informazioa oso urria da, aurrera egin ahal izateko jarraitu beharrezko pausoak PlayStationeko laguntzarik gabe ezinezkoa da, gutxienez zure lehenengo bideo-jokoaren kasuan. Steamen adibidez ez dago iragazkirik, 100 euro ordainduta jokoa argitaratu dezakezu.
The Five Covens PlayStation 4rako argitaratu duzue momentuz. Beste plataformetara eramatea aurreikusten duzue?
Momentu honetan PCrako porta prestatzen ari gara, Steamerako. PlayStation Talentsek esklusibitate hitzarmenak dauzka: jokoa PlayStationen kontsoletan argitaratuta, hiru hilabete itxaron behar dituzu PCrako kaleratzeko; sei hilabete gainerako kontsolen kasuan. Gure asmoa maiatzerako Steamen argitaratzea da beraz.
Zer nolako lana darama porteatzeko lana egiteak?
Guk ordenagailuetan garatu dugu jokoa, beraz arazoak PlayStation 4ko dev kitekin frogak egiterakoan hasten ziren: shaderrak gaizki ikustea eta aldatu behar izatea, edota kontsolen prozesamendu indarra murritzagoa izanik grafikoen aldetik aldaketak egitea, adibidez. Errekurtsoak ondo erabili behar genituen PS4an. Jatorriz ordenagailuan sortutako lana denez, orain egitekoa duguna erraza da: input edo aginteentzako sarbideak aldatu, erabiltzailearen interfazean aldaketatxoak egitea… arazo txikiak.
Euskal Herrian badago bideo-jokoen garatzaileentzako txokorik?
Badago, baina gure aldetik tamalez ezin izan dugu beste garatzaileekin harreman handirik izan The Five Covens garatzen aritu garen bitartean. Halere, PlayStation Talentsen baitan Bilboko Relevo estudioarekin elkarlanean aritu izan gara. Gugatik hurbil Main Loop Videogamesekoak ere badaude egitasmo berberan beste joko bat garatzen (Itadaki Smash), baina horiek ere bulegotik kanpo aritu izan direnez ez dugu batera egoteko astirik izan.
Europarako beharrezkoak diren hizkuntzak ondo dauden ziurtatzen dute. Euskararen kasuan ez dute halako zuzenketarik egiten: guk egindako itzulpen lana denez gure esku utzi dute horren erantzukizuna.
Bideo-jokoen munduan lehen pausoak eman dituzue. Etorkizunerako ezer aurreikusita daukazue?
Beste proiektu batekin hasiko gara hilabete honetan. Oraingoan PlayStation kontsoletarako prestatutako serious game bat izango da: ez da gure joko propioa izango, enpresa batentzako garatutako produkzioa baizik.
Honen garapena bukatzerakoan, zazpi hilabete inguru barru, dagoeneko bi hilabetez prestatzen aritu garen bideo-joko batekin jarraitzeko asmoa dugu. Demo bat eta game design dokumentua prest ditugu ekoizleei edo banatzaileei bidaltzeko. Printzipioz Switch eta gailu mugikorretarako argitaratuko den lana izango zen. Horren ondoren, nork jakin zer egingo dugun.
Iruzkinak