Acclaim Studios-ek 1999. urtean kaleratutako arkade lasterketa jokoa da. Komunitateak bizirik mantendu du azken urteotan, euskarazko bertsioa prestatuta eta guzti.
Arkade lasterketa jokoen urrezko aroa izan zen 90eko hamarkada bukaera. Hainbat eta hainbat ziren Mario Kart arrakastatsuaren pausoak jarraitzen zituzten garatzaileak; horien artean egon zen Acclaim mitikoa bere Re-Volt bikainarekin. Orain, berriz kaleratuko dutela ezagutzera eman dute: Steam saltokira iritsiko da H2 Interactive argitaletxeak prestatutako bertsioa.
Telegidatutako jostailuzko autoak hartuta, auzoak, jostailudendak museoak, supermerkatuak eta beste gune batzuk tamainu txikiarekin baina ziztu bizian zeharkatzeko aukera eskaintzen digu Re-Voltek.
Jokagarritasun mekanikak menperatzeko zailak dira: auto txikiek pisu gutxi izaten ohi dute, eta fisika errealistekin hasiera batean leku guztietatik saltoka ariko gara. Hala ere, behin kontrola hartuta jokatzeko gozamen hutsa den lasterketa jokoa aurkituko dugu Re-Volten.
Hamahiru zirkuitu desberdin biltzen ditu jokoak; hori bai, gune erraldoiak dira, eta horrek ibilbide desberdinak eratzeko balio izan zien garatzaileei. Kokaleku hauetan 28 auto desberdin ariko dira norgehiagoka zirraragarrietan parte hartzen; are gehiago, bakoitzaren koloreak aldatzeko aukera edukiko dugu.
Re-Volt GOG saltokiaren bidez eskura daiteke aspaldidanik. Suposatzekoa da Steamera iritsiko den bertsioa berbera izango dela; hala eta guztiz ere, arduradunek ez dute argitaratze datarik ez bertsiorik zehaztu. “Laster” argitaratuko dutela dakigu bakarrik.
Komunitatearen bertsioa, osoena zein doakoa (eta euskaraz!)
Bertsio ofiziala saltoki digitaletara iritsiko den arren, Re-Volten zaleak 2004. urtetik dabiltza lanean titulua bizirik mantentzeko. Hori RVGL Project bertsioaren bitartez egiten dute: joko originalaren kodea hartuta sortutako port hau Windows, Linux, MacOS, Android eta beste hainbat plataformetan erabil daiteke.
Komunitateak egindako proiektu honen testuingurua aipatzekoa da; izan ere, zaleen lana jatorrizko jokorako adabakiak sortzen abiatu zen. Komunitateak sortutako 1.2 adabakia, baina, 2013an estreinatutako GOG saltokiko bertsioan eskaini zuten WeGo Interactive argitaletxe korearrekoek. Zein izan zen arazoa? Komunitateak ez zuela honen berri izan jokoa argitaratu arte.
Nola ez, RVGL Projectekoak ez ziren batere pozik geratu egindako lana lapurtu eta ordainpeko bertsio batean inplementatu zutela ikusterakoan. Aurretik ere hainbat arazo eduki zituzten WeGorekin. Hori dela eta, adabakien sistema alboratu, eta kodea hartuta joko propioa egiteari ekin zioten.
RVGL Project, gainera, ez da legez kanpoko proiektua: garatzaileek aldarrikatzen dutenez, erabiltzen duten kodea aspaldi filtratutako Xbox kontsolarako alfa bertsioaren kodean oinarrituta dago. Diotenez, kode hori abandonware bezala hartzen da, eta berez ez dago arazorik hori erabiltzeagatik.
Oinarrizko jokoa hartu, eta hobetzeari ekin diote arduradunek. Egia esan, joko originalak ez dituen —edo behintzat, bertsio bakar batek ez dituen— era guztietako hobekuntzak eta ezaugarriak aurkituko ditugu RVGLn: errenderizatzaile berria prestatzeaz gain, 4K bereizmenerako zein pantaila zabalentzako euskarria, pantaila zatitudun multijokalaria (PCko bertsiotik kanpo geratu zena bere garaian), iragazki bisualak, online partidetarako netplay hobea P2P jokoarekin, pertsonalizazio aukerak, hobetutako soinua, Dreamcast-eko bertsioak edukitako ezaugarri bereziak eta askoz gehiago dakartza komunitateak prestatutako jokoak.
Are gehiago, hizkuntza aldetik ere berritasunak ikusiko ditugu: Game Erauntsiak 2018an Re-Volten bertsio hau euskaratu zuen! RVGLren webgunean dagoen jokoa jaitsi baino ez dugu egin beharko gure hizkuntzan jokatzeko: hasierako menuan azalduko zaigu euskaraz aritzeko aukera.
Esan bezala, RVGLk Re-Volten baldintza onenetan jokatzea ahalbidetzen du. Jokoa RVGL Projectetik jaitsi daiteke, doan.
Iruzkinak