Redfall itxurosoan banpiroei aurre egiteko taldea osatu beharko dugu. Datorren urtean estreinatuko da Xbox kontsoletan nahiz PC-an.
Arkane Studios-ekoen euren lan berriari buruzko xehetasunak eskaini ditu trailer baten bidez. Redfall hainbat hilabetez ikusi eman ondoren, Xbox & Bethesda Games Showcase aurkezpenean bere txokoa eduki zuen, eta orain promozio kanpainari hasiera ematekotan daudela dirudi. Lau protagonistak eta bakoitzaren berezitasunak ezagutzera eman dituzte Austinekoek.
Izan ere, lau jokalarirentzako abentura kooperatiboaren aurrean gaudela —bakarkako jokoa ere posible den arren— gogoratu beharra dago; ez da erraza, Dishonored edo Prey bezalako immersive sim bikainen arduradunak baitira Arkanekoak. Modu batean, Redfall berriak Left 4 Dead bezalako abenturak burura ekartzen ditu. Hori bai, ahaztu zonbiak: oraingoan banpiroen aurka ariko gara.
Garaipena lortzeko talde trebea osatzea ezinbestekoa izango da. Heroi bakoitzak ezaugarri propioak izango dituenez, oreka lortzeko lan egin beharko dugu.
Lehenik eta behin, Jacob Boyer daukagu: urruneko tiroketetan aditua izango da bere rifleari zein bele espektralari esker, eta ikusezin bilakatzeko ahalmena izango du. Bigarrenik, Remi de la Rosa ingeniaria berak sortutako robotaz baliatuko da borrokak errazteko. Hirugarrenez, Devinder Crousley munstro ehiztaria tranpak eta oztopoak jartzen aditua izango da: taldekideei laguntza eskainiko die beraz berak sortutako tresnei esker. Bukatzeko, Layla Ellison dugu: unibertsitateko ikasle honek bere botere telekinetikoak erabiliko ditu etsaiak akatzeko.
Heroi bakoitza pertsonalizatzeko aukera izango dugu, noski: abileziak desblokeatu —zuhaitz erraldoia ikus daiteke trailerrean— eta arma berriak ezarriko ditugu misio desberdinei aurre egiterako unean. Protagonisten helburua Redfall herria berreskuratzea izango da: banpiroek konkistatutako kaleak xehetasunez beteta egongo direla agintzen dute Arkaneko garatzaileek. Izaki hauek adoratzen dituzten kultistak izango dira beste arriskuetako bat: tiroketak ere biziko ditugu hauen aurka egiterakoan.
Mundu irekia izango da Redfallekoa: misio nagusiak egiteaz gain herritarrei bigarren mailako erronkekin laguntzen ibiliko gara, sekretuak argituz eta baliabide berriak aurkituz.
Argitaratze data zehatzik gabe, datorren urterako prest egongo dela diote Arkanekoek. Bethesda-ko estudioa denez, orain Xboxekoen kideak direla gogoratu beharra dago; hori horrela, Xbox kontsoletan zein PCan kaleratuko dute Redfall.
Iruzkinak