Orain arteko eduki guztiekin batera argitaratuko ditu Capcom-ek kontsola hibridoan.

Capcomek Resident Evil sagako berregiteen Switch 2 bertsioak aurkeztu ditu azken Nintendo Direct zuzenekoan. Urriaren 16an Resident Evil 2, 3 eta 4 plazaratuko ditu N handiaren egungo gailuan.

Switch originalerako RE2 eta RE3 hodeiko bertsioak izan ziren, horren ondorioz hainbat kritika jasota. Hori dela eta, Switch 2aren indarraz baliatuko dira berezko moldaketak prestatzeko, eta, aldi berean, RE4 saritua ere Nintendorenera eramateko —erabaki aproposa, joko originala GameCube kontsolako esklusiboa izanik jaio zela ikusita—.

Orain arteko eduki gehigarri eta espantsio guztiekin iritsiko dira, gainera: RE2 Deluxe Edition-arekin dator, denetariko itxurak eta erronkak gaineratuta; RE4rena, berriz Gold Edition-a da, Ada Wong protagonista duen Separate Ways DLCa gaineratuta.

Capcomek egungo RE guztiak argitaratu ditu, modu horretara, Switch 2 kontsolan: bederatzigarren REquiem atala otsailean estreinatu zen gainerako bertsio nagusiekin batera, aldi berean, RE7 Biohazard zein RE8 Village ere Switch 2an estreinatuta. Etorkizunera begira, Resident Evil Veronica aurten kaleratuko dute japoniarrek.

Urriaren 16an RE 2, 3 eta 4 argitaratuko dira Switch 2an.