Urte bukaerarako Capcomen joko klasikorako proiektua prest edukitzea espero du Albert Marin bideo-jokozaleak.
25 urte bete ditu Resident Evilek, eta beldurrezko frankizia honek dituen milioka zaleak orain gutxi kaleratutako zortzigarren atalaz gozatzen ari diren bitartean, begirada asko dira laugarren atalean finko daudenak azken bolada hauetan.
Izan ere, Capcomek Oculusekin batera errealitate birtualera eramango du joko hau Resident Evil 4 VR-ren bitartez. Produktu ofizialak albo batera utzita, baina, orain zazpi urte hasitako zaleen proiektu bat burutzeko gutxi falta da: Albert Marin katalanak abian jarritako Resident Evil 4 HD Projectek aurrera darrai, eta azken berritasunak erakusteko bideo sakona prestatu du zaleak.
Kasu honetan Separate Ways joko mota bereziaren modelo, ingurugiro eta efektuak birmasterizatzeko egindako lana agerian jarri du Marinek. Ada Wongekin jokatzen den atal honetan argiztapen eta efektu berriak gehitu, pertsonaien zein kokalekuen modeloak eta testurak hobetu, itzalak gaineratu eta askotariko aldaketa eta hobekuntzak gauzatu ditu moderrak.
Bi orduko iraupena daukan bideoan guzti hauek zerrendatu eta egindako lana azaltzen du Marinek, zaleen kabuz egindako lan benetan interesgarria agerian jarrita modu horretara. Moderrak nabarmentzen duenez, HD Projectaren azken eguneraketa ofiziala 2018an kaleratu zuen arren ordutik hona atsedenik hartu gabe aritu da berrikuntzak gehitzen.
Hori horrela, azken bertsioa aurten argitaratzea aurreikusten du Resident Evilen zaleak. Lasaiago lan egiteko asmoarekin eguna zehaztu gabe utzi du, baina urte bukaerarako prest edukiko duela dio.
12.000 orduko lana
Resident Evil 4 HD Projectek Leon S. Kennedyren Espainiako abenturari era guztietako aldaketa teknikoak gehituko dizkio. Jokoaren jatorrizko elementuak errespetatuz ari da lanean moderra: kasu askotan Capcomek RE4ren guneak eratzeko erabilitako toki errealetara bidaiatu izan du argazkiak atera eta bestelako baliabideak lortzeko: elizak, iturriak, plakak eta gehiago ehizatu izan ditu azken urteetan. Ez hori bakarrik, gainontzeko zaleei ere laguntzeko eskaera egin izan die Marinek sare sozialen bitartez.
Lan erraldoi honek PCrako argitaratutako Ultimate HD bertsioa hobetzeko helburua dauka. Gaur egungo bertsiorik aurreratuena den arren nahiko lan eskasa egin zuten Capcomekoek obra honetan, testura lausoekin eta errendimendu arazoekin. 3D modeloak, testurak, argiztapena, efektuak eta gehiago hobetzeari ekin zion Marinek Cris adiskidearekin, guztira 12.000 ordu baino gehiago emanik lanean gaur egunera arte.
Azken bertsioa prestatu bitartean, interesatuek jokoaren hainbat atal hobetzen dituen 2018ko bertsioa frogatu dezakete. Hori deskargatzeko eta instalatzeko pausoak RE4 HD Projecten webgunean aurkituko dituzue.
Iruzkinak