Bideo berriarekin iragarri dute Capcom-ekoek. Resident Evil VII Biohazard eta Resident Evil Village ere iritsiko dira Nintendo-ren azken eramangarrira.
Switch 2 kontsolak Resident Evil Requiem jasoko du. Capcom japoniarraren hurrengo beldurrezko jokoa Nintendoren gailu eramangarri berrian estreinatuko da 2026ko otsailaren 27an.
Ekainean ezagutu genuen frankizia ezagunaren bederatzigarren atala; PC, PS5 eta Xbox Series bertsioak iragarri zituen Summer Game Fest ekitaldiaren aurkezpenean. Capcomekoek ez dute Nintendorena alboratu nahi, eta, atal grafiko mugatuagoa eduki arren, gainerakoen parera dagoen jokoa argitaratzeko helburua jarri du.
Bigarren trailerrarekin batera are munstro eta toki gehiago ikusteko aukera eduki dugu. Lehen pertsonan jokatu ahalko dugu RE berrian, atalik berrienekin gertatu bezala; hala eta guztiz ere, hirugarren pertsonan aritzeko aukera ere eskainiko digute, gogokoen dugun ikuspegia gure esku utzita. Antzekoa egin zuten zortzigarren Village jokoan: Gold Edition DLCarekin batera hirugarren pertsonan jokatzea posible zen.
Grace Ashcroft protagonista berria ezagutuko dugu Requiemen. RE Outbreak tituluan agertutako Alyssa Ashcroften alabak Wrenwood hotel beldurgarria zeharkatu beharko du; dena den, kokaleku gehiago bisitatuko ditugula dirudi.
Izan ere, Raccoon City hiriko jazoera ospetsutik 30 urte igaro dira bederatzigarrenean, eta RE2 mitikoan ezagutu genuen polizia etxera itzuliko garela dirudi, nahiz eta guztiz suntsituta dagoen. Umbrella erakundearen logoa ere ageri zaigu bideoan, hauen nolabaiteko itzulera iragarriz.
Ez da Switch 2ak jasoko duen Resident Evil bakarra izango, ordea. Resident Evil VII Biohazard Gold Edition nahiz Resident Evil Village Gold Edition atalak Requiemen egun berean iritsiko dira eramangarri berrira, eduki gehigarri guztiekin batera.
Switch 2 eramangarrian zein PC, PS5 eta Xbox Series gailuetan estreinatuko da Resident Evil Requiem 2026ko otsailaren 27an.
Iruzkinak