SNES, DS, PSP, Dreamcast eta bestelakoen core-ak gehitu ditu. Emulatzaileen kode irekiko bilduma Valve-n plataformako ezaugarri bereziez aprobetxatzen da.
Emulatzaileen mundura sartzerakoan askok hautatzen dute RetroArch erabiltzea. Kontsola eta sistema desberdinak emulatzeko programak biltzen dituen bilduma hau orain gutxi estreinatu zen Steam plataforman; emulatzaileak, edo coreak, doako DLC bidez gehitzen dituzte Libretro-ko arduradunek, eta orain sei core berri gaineratu dituzte saltoki digitalera.
BlastEm, Snes9x, Desmume, Nestopia, Flycast eta PPSSPP emulatzaileen coreak dira, zehazki, azken eguneraketan gehitu dituztenak: SEGA Genesis/ Mega Drive, SNES, Nintendo DS, Sega Dreamcast/ Naomi/ Atomiswave eta PSP sistemak emulatzeko balio dute, hurrenez hurren.
Aipatu bezala, Steameko RetroArchek programa bidez coreak jaisteko aukera eman beharrean saltoki digitalean DLC edo eduki gehigarri modura aurkezten ditu. Era horretara, arazo legalak sor ditzaketen nukleoak edukitzea saihesten dute. DLC guztiak doakoak dira: norberak erabili nahi dituen emulatzaileak hartu eta automatikoki gehituko dira RetroArchera.
Aipatutakoak beste hamar coreekin bat egiten dute horrela: aurretik Mupen64 Plus Next ( Nintendo 64), Kronos ( Sega Saturn), PCSX ReARMed ( PlayStation), Stella ( Atari 2600), SameBoy ( Game Boy/Game Boy Color), mGBA ( Game Boy Advance), Mesen ( NES), Mesen S ( SNES), Genesis Plus GX ( SEGA Mega Drive), Final Burn Neo ( Arkade jokoak) egon dira Steamen.
Nola ez, emulatzaileak saltokian eskaintzeak ez du esan nahi ROM edo jokoak bertan aurki daitezkeenik: norbere esku egongo da hauek iraultzea edo bilatzea.
Steameko RetroArch jatorrizko bertsioaren aldean mugatuta dagoela esan daiteke, baina aldi berean Valve-koen ezaugarri bereziez baliatzen da aukera benetan interesgarriak eskaintzeko.
Steam Cloud-ekin gordetako partidak gailu batetik bestera eraman daitezke automatikoki. Steam Remote Play Together funtzioarekin, bestalde, lagunak partidetara modu errazean gonbidatzeko aukera eskaintzen dute, streaming bidez elkarrekin jokatzeko (edo nahi izanez gero lagunari lehen jokalariaren kontrolak emateko) hauek Retroarch izan ez arren.
Orain gutxi emulatzaileen munduari buruzko erreportaje zabala argitaratu genuen Game Erauntsian. Bertan hauek aurkeztu, nola funtzionatzen duten azaldu, zer nolako abantailak biltzen dituzten analizatu eta hasiberrientzako argibideak laburbildu genituen.
Iruzkinak