Ritual, Narona Sports Supernatural, Submersed 2 eta Bullfighter Neon euskal jokoen demoak proba daitezke Steam Next Fest-ean

Lander Unzueta | 2024/02/08 14:00 BerriakEuskal jokoak



Otsailaren 12ra arte PCan proba ditzakegu. "Laster" estreinatuko dira laurak.

Steam Next Fest jaialdia abian da. Eskaintzen dituen ehundaka demoen inguruan hainbat nabarmendu daitezke, baina oraingoan etxeko proiektuak probatzeko aukera dute euskal bideojokozaleek. Izan ere, Ritual, Narona Sports Supernatural, Submersed 2 eta Bullfighter Neon tituluen demoetan ibil gaitezke egunotan.

Lehenik, Ritual Bilboko TLR Games estudioa —IDEA argitaratu zuten iaz, adibidez— prestatzen ari den bideojokoa dugu. Tower Defense erako obra da, baina erritmo jokoen elementuak ere inplementatzen dituela esan daiteke. Erritu iluna prestatzen ari den azti maltzurra izango gara.

Saguarekin erruna desberdinak marraztuta gure magia indartuko dugu, baina adi: inguruko herritarrek ez dute aztikeriarik ikusi nahi. Gure dorrea defendatu beharko dugu boteretsuagoak egin ahala. Ritual aurten estreinatzeko asmoa du Arturo Monedero sortzailearen taldeak: 2024 bukaerarako prest egongo da.

Bigarrenik, Cokoon Games Lab garatzaile nafarraren Narona Sports Supernatural proba dezakegu Steamen. 2022an argitaratutako Narona Sports kirol jokoaren hobetutako bertsioa da: Futbolean, saskibaloian, boleibolean, ulaman eta eskupilotan jokatuko dugu, baita eguneratutako jokoak dakartzan tenisean eta futbol amerikarrean ere.

Etxeko txikienei zuzendutako titulua dugu. Atal estetiko koloretsuarekin zein dibertigarriarekin, festa edo arkade jokoen kutsua dauka: kontrol sinpleak eta multijokalaria biltzen dituenez, familian edo lagunartean partida batzuk jokatzeko aproposa da. Narona Sports Supernatural “laster” estreinatuko da ordenagailuan, eta Switch-eko jatorrizko bertsioa ere eguneratuko dute nafartarrek. Bietan euskaraz jokatu ahalko dugu.

Hirugarrenik, Bilbora itzuliko gara Submersed 2 – The Hive beldurrezko abenturarekin. Main Loop Videogames estudioaren obra berria da: urazpian kokatuta dauden instalazio misteriotsuak zeharkatuko ditugu, baina ez gara bakarrik egongo…

Lehen pertsonan jokatuko dugun titulua nabarmentzeko atal grafikoarekin dator. Demoa PCrako bada ere, PlayStation, Xbox nahiz Switch kontsoletan ere estreinatuko da Submersed 2. “Laster”, bilbotarren arabera.

Bukatzeko, Relevo-ko beterano bilbotarrek —bide batez, Subermerseden editore lanak egingo dituzte— Bullfighter Neon arkade jokoaren demoa argitaratu dute Next Festean. Izenak dioen bezala, zezenkariak izango gara, baina lasai: etorkizuneko zezen robotikoen aurkako borrokak baino ez ditugu biziko.

Soccer Brawl, Super Baseball 2020 edo Windjammers arkade joko maitatuak hartu dituzte inspirazio iturritzat; hortaz, duelu koloretsuak, azkarrak eta dibertigarriak proposatuko dituzte. 2022an Kickstarter plataforman abiatutako finantzazio kanpainari esker bideratu zuten bideojokoa. PCan ikusiko dugu bakarrik, oraingoz behintzat, baina hauek ere “laster” merkaturatuko dutela diote.

Ez da Euskal Herrian egindakoa, Kanadan baizik, baina Pyrene berriz aipatzeko modukoa da. Two Tiny Dice estudioak Pirinioetako, eta, ondorioz, euskal mitologia ardatz daukan karta nahiz abentura jokoa dauka esku artean. Demoaren bidez ezagutu dezakegu Steameko jaialdian, baina aurten merkaturatuko dute.

Steam Next Fest ekimena otsailaren 12an bukatuko da. Hala ere, hainbat garatzailek euren demoak eskaintzen jarraitzen dituzte jaialdia amaitzerakoan.

Game Erauntsia facebook


Iruzkinak

Mesedez, sartu iruzkina utzi ahal izateko.

239
Kide

2
Jolasten

23
Online

Azken erantzunak

Lander Unzueta 2024ko urr. 24a, 10:57

Milesker, Ibai! Gogotsu hurrengorako, aurtengoaren emaitzak ikusita :D
Euskal Game Jam 2ak ezin ikusizko Euskal Herriko …

Ibai Aizpurua 2024ko urr. 22a, 17:43

Artikulu eta lan ederrak! Ea noiz antolatzen dugun Euskal Game Jam 3!
Euskal Game Jam 2ak ezin ikusizko Euskal Herriko …

Ibai Aizpurua 2024ko mai. 29a, 21:10

Analisi ederra! Beti erosi eta jolasteko zerrendan izan dut. Hain laburra dela jakiteak puntuak irabazi ditu neretzat!
LEGO Builder's Journey

Beñat 2024ko mar. 26a, 20:15

Erabat ados Journeyri buruz esandakoarekin. Ea laster Flower hasi eta bukatzeko aukera dudan, bere unean, lehen maila probatu besterik ez bainuen egi…
Journey: bizitza, bidai [Analisia]