Rivalia: Dungeon Raiders eta One Last Breath proiektuen berritasunak agertu ziren The Moment zuzeneko emanaldian: Biak datorren urtean estreinatuko dira

PlayStationek antolatutako Talents egitasmoak garatzailei txikiei aholkularitza eman, garapen prozesurako tresnak eskaini eta marketing aldetik laguntza eskaintzen dizkie. The Moment deitutako aurkezpenean, esate baterako, ekimenaren aterpean eratzen dabiltzan proiektuak ezagutzera emateko lana egiten dute. Atzo egin zuten, beste batez, zuzenekoa; bertan izan ziren bi garatzaile euskaldun prestatzen dabiltzan obrak.

Fsix Games estudio bilbotarra Rivalia: Dungeon Raiders akziozko RPG abentura garatzen ari da. Atzo erakutsitako trailerrean lau heroi protagonistak aurkeztu zituzten: Yhorm zaldun erraldoia, Evanya sorgina, Halmor lapurra eta Ashelin ezpataria.

Laurak kontrolatuko dituzte jokalariek Rivalia gazteluan aurrera egiteko; bakoitzak botere eta ezaugarri propioak ditu, eta horiek modu aproposean erabiltzea ezinbestekoa izango da etsaiei garatzeko. Hauekin batera Ciceron izeneko pertsonaia misteriotsua ezagutzera eman dute lehen aldiz; abenturako bilaua izango da.

ARPG jokoa da Bilbokoena, baina roguelike elementuak ere bilduko ditu gainera: ziegak eta bestelako kokalekuak prozeduralki sortutakoak izango dira; izan ere, gazteluaren egitura aldatu duen aztikeriak errealitatea lekualdatu du. Partida bakoitza desberdina izango da, beraz.

Fsix Games sei lagunek osatutako estudioa da. Rivalia: Dungeon Raiders PlayStation 5 eta PlayStation 4 kontsoletan argitaratuko dute 2022 hasieran; PC-rako bertsioa ere edukiko du, baina pixkat gehiago itxaron beharko da ikusteko.

PlayStation Talents 2021ean dagoen bigarren euskal jokoa One Last Breath da. Moonatic Studios-eko nafarrak garatutako abenturak plataformak eta puzzleak batuko ditu: ingurua eraldatuta lianak sortu, erroak erabili eta bestelakoak egin beharko ditu Gaia protagonistak hiltzen dagoen mundua salbatzeko.

Trailerrak ingurugiro berriak erakusteko eta hainbat etsai ezagutzeko balio izan du, baita jokoaren soinu banda ederra entzuteko ere. Garatzaileen esanetan Inside bezalako lanak dira One Last Breathen erreferentzia nagusia.

Kontsoletan estreinatuko den lehen joko nafarra izango da: PlayStation 5 zein PlayStation 4 plataformetara iritsiko da abentura. Ez hori bakarrik, PCrako ere garatzen dabiltza Moonaticekoak; gainera, plataforma gehiagotara hurreratzeko asmoa agertu dute ere. Aipatutako plataformetan 2022 hasieran kaleratuko dute abentura.

Nabarmentzekoa da One Last Breath guztiz euskaratuta kaleratuko dutela. Horri buruz hitz egin genuen estudio nafarreko Eneko Zubiaurre garatzailearekin.

 

Datorren urteko Games Camp, abian

Aurkezpenean 2022ko PlayStation Talents Games Camp ekimenean parte hartzeko izen ematea ireki dutela iragartzeko aprobetxatu zuten. Aurkeztu nahi dutenek gutxienez programatzailea, artista eta joko diseinatzailea eduki beharko dituzte taldean; prestatzen dabiltzan proiektuaren bost minutuko aurkezpena prestatu beharko dute, kontzeptuaren aurkezpen orriarekin batera.

Hautatuek PlayStationeko garapen kitak eta HPren garapenerako zuzendutako workstationak, 100.000 eurotan balioetsitako promozio eta marketing kanpaina,  finantza eta enpresen sorkuntzarako, ekoizpenerako, marketingerako eta argitalpenerako aholkularitza eta gehiago jasoko dute, baita hamar hilabetez Bilboko egoitzan lan egiteko aukera ere.

Informazio guztia proiektuaren webgunean eskaini dute. Izen emateko epea abenduaren 31an itxiko da.

Euskal jokoekin batera beste 20 bat proiektu aurkeztu zituzten PlayStation Talentsekoek zuzenekoan. Horiek ezagutzeko, jarraian daukazu bideoa: