Lau heroi kontrolatuko ditugu cel shading estetikadun abentura honetan. Aurten estreinatuko dute PlayStation 5 eta PlayStation 4 nahiz ordenagailuetan, Steam bidez.
Iaz ezagutu genuen Rivalia: Dungeon Raiders interesgarria. Ordutik hona bideo gutxi jaso ditu sei kidek osatutako Fsix Games estudio bilbotarra prestatzen ari den lanak, baina atzo beste batez ezagutzera emateko aukera eduki zuten PlayStation Talents-ekoen The Moments ekimenean.
Prestatutako trailerrarekin —antzina erakutsitakoaren oso antzekoa— bideojokoaren lau protagonistak zein bilaua aurkeztu dituzte. Heroien kasuan Ashelin ezpataria, Halmor lapurra, Evanya sorgina eta Yhorm zaldun erraldoia kontrolatuko ditugu. Jokalari bakarrarentzako abentura izan arren, partida berean laurekin jokatuko dugu: edozein unetan aldatuko gara bata bestearen artean bakoitzaren ezaugarri eta abilezia bereziez baliatzeko.
Denbora errealeko borroketan ariko gara eskeletoen, iratxoen, dinosauroen eta bestelako izaki magikoen aurka. Esan bezala, heroiek rol propioa beteko dute: Yhorm, adibidez, taldeko tankea izango da; Ashelin, ordea, min gehien eragingo duen pertsonaia dugu. Bakoitza pertsonalizatzeko tresnak izango ditugu, eta horien arabera gure ezaugarriak aldatzen joango dira.
Fsixekoek diotenez, borroka mekanikekin Square Enix-en Final Fantasy XV eta MiHoYo-ren Genshin Impact gogorarazi nahi dituzte, “borroka sistema berritzailea eta borobila” eratuta.
Zizeron maltzurrari aurre egin beharko diote protagonistek. Zital honek Rivaliako gaztelua itxuraldatu du, gela guztiak lekuz mugituta eta era guztietako munstroak askatuta; guztira, sei maila desberdin izango ditu tituluak. Nola ez, kokaleku bakoitzean erronka, arerio, oztopo zein etsai nagusi ikaragarri desberdinak ikusiko ditugu.
Rivalia akziozko roguelite jokoa dela aipatzekoa da —The Binding of Isaac aipatzen dute erreferentziatzat—; izan ere, ziegak prozeduralki sortutakoak dira. Hortaz, partida bakoitza hasterakoan gainditu beharko ditugun erronkak pixkat desberdinak izango direla azpimarratu beharra dago.
Rivalia: Dungeon Raidersek ez du argitaratze datarik jaso oraindik; hala eta guztiz ere, arduradunek trailer berria bidean dela nabarmendu dute, beraz ziurrenik hor jasoko dugu kaleratzeari buruzko informazio gehiago. Plataformak, baina, bai baieztatu dituzte: PlayStation 5 zein PlayStation 4 kontsoletan eta PC-an jokatu ahalko dugu ARPG honetara.
Iruzkinak