Euskal Herriko gidaririk trebeenen bila gabiltza; txapeldunek 50 euroko opari txartela irabaziko dute. Izen ematea zabalik dago jada.
Rocket Leagueko aditua zara? Ba adi honi: Game Erauntsia Elkarteak, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren babesarekin, Rocket League binakako txapelketa antolatuko dugu. Ekainaren 24an lehiatuko da, eta edonork parte hartzeko aukera izango du.
Izan ere, Euskal Herriko Rocket League gidari onenak ezagutu nahi ditugu. Aurretik bakarkako lehiaketak antolatu ditugun arren, oraingoan lagun taldeak elkartu eta are norgehiagoka biziagoak ikusi nahi ditugu. Jakingo duzuen bezala, Psyonix estudioaren bideojoko arrakastatsua doakoa da, eta edozein plataformatan eskura daiteke. Ez hori bakarrik: PC-ko zein PlayStation, Xbox eta Switch kontsoletako jokalariek elkarrekin joka dezakete joko gurutzatuari esker.
Horiek dira, zalantzarik gabe, joko hau berriz hautatzeko argudio nagusiak: bideojokozale euskaldun guztiei parte hartzeko aukera eman nahi diegu. Hortaz, animatu, deitu lagun bati eta etorri gurekin batera turboz betetako arratsaldea pasatzera!
Zirraraz betetako arratsaldea
Esan bezala, txapelketa ekainaren 24an jokatuko da: 18:30ean hasiko dira partidak. Izen ematea dagoeneko irekita dago; ekainaren 18an itxiko da. Gure txapelketen atalean sortutako fitxara sartuta burutu beharko duzue. Horretarako, Game Erauntsia webgunean erregistratuta egon beharko zarete, eta Rocket League jokoaren ID-a gehitu norbere erabiltzailean.
Jokalari bakoitza bakarka erregistratu beharko da; ondoren, guri zure taldekidea nor den adierazi, eta taldea gure sisteman sortuko dugu. 128 bikoterentzako muga jarri dugu izen ematean.
Txapelketa osoa arratsalde berean egingo da. Oraingoan ez da fase desberdinik egongo: lehen partidak zein final handia ekainaren 24an jokatuko dira. Norgehiagokek bost minutuko iraupena izango dute, eta partida bakarrera lehiatuko dira. Arauak ohikoak izango dira: soccar —balonrueda— joko motan ibiliko gara, inolako mutator-ik edo aldaketarik jarri gabe. Partidua bukatzerakoan berdinketa jazoz gero, urrezko golaren bitartez erabakiko da irabazlea.
Izen ematea burutu eta zuen taldekidearen izena zehaztu ondoren, Rocket League barruan sortuko dugun txapelketaren izena eta pasahitza pasako dizkizuegu. Txapelketa ekainaren 24ko astean eratuko dugu, baina adi: parte hartzeko ordu laurden lehenago sartu beharko zarete jokoan; hau da, 18:15ean guk emandako pasahitzarekin sartu beharko zarete lehiaketara. Jokoak ezarriko ditu norgehiagokak, eta partiduak automatikoki hasiko dira.
Sariak txapeldunentzat
Irabazleentzako sariak ere egongo dira, noski! Bikote txapelduneko kide bakoitzak bideojokoak erosteko 25 euroko opari txartela jasoko du. Edozein saltoki digitalerako izan daiteke: Steam, PlayStation Store, Nintendo eShop, Xbox Live…
Zalantzarik izanez gero, Game Erauntsiaren Discord zerbitzarian prestatu dugun Rocket League 2vs2 Txapelketa txataren bidez argituko ditugu guztiak.
Iruzkinak