Hamar bikotek sekulako maila erakutsi zuten ostiralean lehiatutako norgehiagoketan. Elkarteak antolatutako hurrengo partidak Fall Guys-enak izango dira.
Ekainerako proposatu genuen ekimena burutu dugu jada: Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren babespean antolatutako Rocket Leaguen binakako txapelketako norgehiagokak pasa den ostiralean lehiatu ziren. Psyonix-en bideojokoaren adituek parte hartu zuten bertan, baina talde bakar batek lortu zuen garaipena; gure txapelketetako beteranoa den Sulick eta bere adiskide Panadero izan ziren, hain zuzen ere, txapeldunak.
Garaipena lortzea ez zen horren erraza izan jokalari trebe hauentzat, ordea: hainbat partidetan gogor ekin behar izan zioten irabazi ahal izateko. Oro, Mendisalto, Bokata Txistorra, Benylasaren Taldea, Mikel eta Gael, Jue… parte hartu zuten hamar taldeek ikaragarrizko maila erakutsi zuten, aparteko jokaldiak eginda.
Dozenaka partida jokatu zirenez, zaila da hauek laburbiltzea. Dena den, txapelketako unerik gogoangarrienetakoak biltzen dituen laburpen bideotxoa prestatu dugu:
Hala ere, azken finean helburua ondo pasatzea da, eta horretan ibili ginen bideojokozaleekin batera. Aurkariaren trebezia laudatzea, golak sartzerakoan elkarri zoriontzea eta partidak bukatzerakoan zorte ona opatzea ohikoak izan ziren norgehiagoketan.
Txapelketa gehiagoren bila
Sariak ere izan dira jokoan, noski: irabazleek nahi duten plataformetan bideojokoak erosteko opari txartelak eskuratu dituzte. Txapelketa hau bukatu da, baina etorkizunean are gehiago antolatzeko asmoa dauka Game Erauntsia Elkarteak. Fall Guys ezaguna doako formatura pasa dela aprobetxatuta, gure asmoa Mediatonic-en titulu dibertigarriaren partidatxo bat edo beste antolatzea da orain.
Dena dela, gogoratu: euskal bideojokozaleen komunitatean edonork proposa ditzake halako ekimenak. Lehiaketaren bat egiteko gogoa baduzu, jarri gurekin harremanetan eta hori lortzeko laguntza eskainiko dizugu! Beti bezala, gure Discord zerbitzarian zein Telegram taldean sar zaitezke halakoak antolatzen hasteko.
Iruzkinak