Gusarapo Games-en jokoa 2022an estreinatu zen kontsoletan zein ordenagailuetan.
Euskaratutako bideojokoak jarraitzea ez da lan erraza, eta hainbatek ihes egin izan digute. Running on Magic itxurosoaren kasua da: azti trakets baten abenturak aurkezten dizkigun bideojokoaz gure hizkuntzan gozatzeko aukera daukagu.
Gusarapo Games talde asturiarrak 2022. urtean kaleratu zuen Running on Magic. Proposamena sinplea zein dibertigarria da: albo korritze (side scrolling) plataformak ardatz dituen 2D titulua dugu.
Gure aztiak berezko girotzeak dituzten hainbat mundu eta erresuma zeharkatuko ditu, atsedenik hartu gabe; ez da gutxiagorako, heriotza atzetik baitauka… nahiz eta ez den oso eraginkorra bere lanean.
Horrela, oztopoz betetako mailak gainditzen ariko gara saltoka zein aztiaren abilezia desberdinak erabilita: flotatzeko ahalmena edo arerioak zanpatzekoa lor ditzake bere bidaietan.
Umorez betetako istorioarekin eta estetika xarmagarriarekin, abentura atsegina agintzen dute egileek. Pixel art koloretsuaz eta minimalistaz gozatuko dugu Running on Magicen: Terry Pratchett-en Discworld liburuetako unibertsoan oinarritu dira —aupa Rincewind!—, baina Rayman bezalako jokoen zertzeladak ere nabari daitezke.
Zailtasun maila moldagarriarekin edonorentzako bezalako jokoa dela diote, gainera: azti protagonista bezain traketsa izan edo plataformetan aditua, erronka aproposa aurki dezakegu.
PlayStation, Xbox zein Switch kontsoletan eta PCan —azken honetan doako proba daukagu— bizi ahalko ditugu Running on Magiceko plataformak. Julen Riverok egindako itzulpen lanari esker ofizialki euskaratuta dagoenez, plataforma guztietan joka dezakegu gure mintzairan.
Iruzkinak