Github orrialdea ezabatu, webgune ofizialean deskargak kendu eta Discord zerbitzarirako sarrerak ezeztatu ditu arduradun nagusiak.

Ryujinx proiektua desagertu da. Nintendo Switch kontsolaren azken emulatzaile handiak ateak itxi ditu, dirudienez, proiektuaren arduradun nagusiak Nintendok luzatutako akordioa onartu ondoren.

Alarma guztiak atzo iluntzean aktibatu ziren GBATemp foro ezagunean, Ryujinxen Github orrialde ofizialean —bertan informazio orokorra, kodea, dokumentazioa, arazoak zein deskargak biltzen zituzten— 404 errore kodea agertu zenean. Ez hori bakarrik, garatzaile nagusiaren erabiltzailea ere ez zen aktibo agertzen.

Ezinegona sortzen hasi zen zaleen artean; halere, Githubek DMCA (Digital Millennium Copyright Act) arauagatik itxitako proiektuak argi adierazten ditu, eta ez zen halakorik agertzen Ryujinxen webgunean, baretzeko arrazoia. Lasaitasunak ez zuen askorik iraun, ordea: Discord zerbitzarirako gonbitak ezeztatu zituztela konturatu ziren erabiltzaileak.

Discordeko Rip in peri peri izeneko erabiltzaileak eman zuen, azkenik, azalpena: “Atzo gdkchan-ek (Ryujinxen arduradun nagusia) Nintendoren mezua jaso zuen, proiektuan lan egiteari uzteko, erakundetik alde egiteko eta bere esku dauden baliabide guztiak alboratzeko akordioa proposatuz. Eskaintza onartu duen baieztapenaren zain gaudela, antolaketa taldea ezabatu egin da, beraz, argi esan dezakegu zein den ondorioa”.

Oraindik argitzeko zalantza asko daude, baina, momentuz, argi dago: Ryujinx emulatzailea bertan behera geratzea lortu du Nintendok.

Ezeztatzea lortzeko bidea berezia izan da, halere. Epaitegietara jo beharrean, oraingoan emulatzailearen arduradunarekin zuzenean harremanetan jartzea erabaki du N handiak; ziurrenik, Ryujinx proiektua Brasilen kokatuta zegoelako, demanda abiatzearen lana zailduta.

Ondorioak ezagutzea geratzen da orain: nahiz eta Ryujinx desagertu den, horrek ez du esan nahi kodea galdu denik, ezta gainerako sortzaileek lana alboratzeko asmoa dutenik. Fork edo proiektu desberdinak sortzeko aukera egon daiteke, baina zalantza asko daude oraingoz.

Ryujinx 2017 sortu zen. Github orrialdean 15.000 jarraitzaile zituen, eta 8.000 harpidedun baino gehiago Patreon webgunean. Windows, GNU/Linux zein macOS bertsioak zituen.

 

Yuzu-ren pausoak jarraituz?

Martxoan Switcharen beste emulatzaile nagusia ixtea lortu zuten Nintendokoek: Yuzu emulatzailearekin 2,4 milioi dolarretako akordioa adostu zuten. Yuzu desagerrarazteaz gain, talde beraren eskuetan zegoen Citra Nintendo 3DS emulazio proiektua ere ezabatu zuen Nintendok.

Kasu honetan demanda prestatu zuten japoniarrek; dena den, epaitegietara iritsi aurretik adostu zuten aipatutako akordioa. Hitzarmenean Yuzuren Tropic Haze taldea guztiz ezabatzeko pausoak zehaztu ziren: sortzaile taldeko kideek ezingo dute Nintendoren software lizentziadunaren babesak gaindi ditzaketen antzeko proiektuetan lan egin etorkizunean.

Esan bezala, itxuraz Ryujinxen kasua ez da berbera; hortaz, gdkchan arduraduna alboratuta, gainerako garatzaileek Ryujinxen kodea hartu, eta antzeko proiektua sortzeko aukera edukiko lukete.

 

Nintendo, emulazioaren aurka

Emulatzaileak ez ezik, horiei lotutako edozein eduki desagerrarazteko bideari ekin dio Nintendok. Azkenaurreko pausoa emulatutako bideojokoak erakusten dituzten Youtube kateen aurka egitea da: copyright salaketak jartzen hasi da emulazioari lotutako eduki sortzaileei.

Besteak beste, Retro Game Corps ezagunak jaso du salaketa. Emulatzailez betetako kontsola eramangarrien analisiak eta azterketak egiten dituen sortzaileak Nintendoren hainbat joko erabiltzen ditu bere probetan, eta N handiari ez zaio gustatzen.

“Dirudienez, nire amesgaiztorik handienak egiazkoak dira, eta Nintendo nire atzetik dabil zehazki”, adierazi du Retro Game Corpseko Russ arduradunak. “Nire Wii Uaren bideoa bertan behera geratu da, eta beste copyright salaketa bat jaso dut, nahiz eta erakustaldi bideo hau ez den kate honetan argitaratu ditudan gainerako analisien eta proben desberdina”.

Hori horrela, orain “doitu” egin behar dela dio youtuberrak: “Nire kateak bi strike jasan ditu dagoeneko, eta doitu beharra daukat”.

Agerikoa den bezala, Nintendok gogor jo du aurten emulazioari lotutako edozein edukiren aurka. Kiotokoak beti egin dute halakoen kontra, baina azken bolada honetan inoiz baino oldarkorrago dabiltzala dirudi. Zergatik ote? Hainbatek argi daukate: datozen egunotan iragarriko duten Switch 2a babesteko asmoz.