Ayose Trujillo garatzailearen lana ofizialki dago gure hizkuntzan Ania Elosegiri eta Beatriz Diazi esker: PCan joka dezakegu.

Scholar Adventure: Mystery of Silence abentura grafikoa ofizialki euskaraz argitaratu du Devilish Games argitaletxeak. Abade etxe misteriotsua esploratzen jarriko gaitu PCan.

Ania Elosegi eta Beatriz Diaz arduratu dira bideojokoa euskaratzeaz; esan bezala, jokoa erosita, gure mintzairan dagoela ikusiko dugu. Beraz, hizkuntzen menuan gurea hautatzea besterik ez da behar.

Making Enemies estudioko Ayose Trujillo sortzaileak bakarka garatutako point and click erako abentura grafiko klasikoa da Scholar Adventure: Mystery of Silence. Izan ere, PowerQuest tresnaz baliatu da, Unity garapen motorea erabilita, Monkey Island edo Maniac Mansion klasikoak gogora ekartzen dituen titulua garatzerako orduan.

Saga berri baten lehen atala baino ez dela dio egileak. William izeneko idazle gaztearen rola jokatuko dugu: inspirazio bila dabilela, abade etxe zaharrean barneratuko da. Isiltasun botoa egin duten apaizen artean sekretu iluna ezkutatzen da, ordea.

Inguruneak arakatuta, objektuak bilduta eta erabilita zein abade etxeko bizilagunei galderak eginda argituko ditugu misterio guztiak Williamekin. Abentura motza da, hori bai: bi edo hiru ordutan gaindituta edukitzeko modukoa dela diote arduradunek.

Game Erauntsiatik berandu ibili gara oraingoan: Scholar Adventure: Mystery of Silence pasa den abenduaren 9an estreinatu zen Steam plataforman. Zorionez, komunitateko kideak adi ibili dira —milesker, Norbait!—, euskarazko bideojokoen zerrendara gehitzea ahalbidetuta.