Retro borrokak mahaigaineratuko ditu kontsoletan eta PCan. Matthew Patel eta Robot-01 pertsonaiak iragarri dituzte.

Scott Pilgrim EXek merkaturatze data jaso du Tribute Gamesen eskutik: martxoaren 3an estreinatuko da Bryan Lee O’Malley komikigilearen munduan girotutako lana.

Beat ‘em up duelu retroak proposatuko ditu berriz, Ubisoft-en Scott Pilgrim vs. The World maitatuak egin bezala. Hala ere, akzio eta abentura jokoa dela nabarmentzen dute EXen egileek: Kunio-kun (River City) bezalako jokoen RPG mekanikak eta askatasuna uztartuko ditu borrokekin.

Horrela, elkar konektatutako Toronto hiria zeharkatzeari ekingo diogu kolpe artean. Lortutako diruarekin, gure pertsonaiak hobetzeko eta indartzeko aukera egongo da, objektuak lortuta eta guzti, misio eta erronka desberdinak gaindituz gero.

Zazpi pertsonaia gidatuko ditugu Torontotik: Scott Pilgrim eta Ramona Flowers ezagunak kontrolatzeaz gain, komikiko, animazio telesaileko zein filmeetako aurpegiak ikusiko ditugu. Protagonistek berezko abileziak, mugimenduak, indarguneak eta ahulguneak dituztela nabarmentzen da. Bi pertsonaia berri iragarri dituzte trailer berriarekin, hain zuzen: Matthew Patel eta Robot-01.

Halako jokoen xarma multijokalarian datza, eta Tributekoak adituak dira alor horretan —berenak dira Teenage Mutant Ninja Turtles: Shredder’s Revenge edo Marvel Cosmic Invasion zoragarriak, esaterako—. Lau jokalari ari daitezke partida berean Scott Pilgrim EXen: tokiko zein sareko kooperatiboa ikusiko dugu. Jokalariek edozein unetan gehi edo utz dezakete partida, jarraipen dinamikoa ahalbidetuz.

Plataforma nagusietan estreinatuko da jokoa: PlayStation, Nintendo eta Xbox kontsoletan zein PCan jokatuko dugu martxoaren 3tik aurrera.