Mimimi Games taldearen 2016ko titulua euskaratu du Tfe zaleak. PCko bertsioan joka dezakegu gure hizkuntzan.
Shadow Tactics: Blades of the Shogun balorazio izugarriak biltzen dituen indie obra berezi horietakoa da. Isilpe taktikoa deritzona oinarri hartuta, samuraiak eta ninjak dakartza Erdi Aro japoniarreko girotzearekin… eta, ez hori bakarrik, orain euskaraz goza dezakegu.

Game Erauntsiaren komunitateko Tfe bideojokozaleak itzulitako lehen bideojokoa dugu. 2023an desagertu zen Mimimi Games estudio alemanak argitaratutako hirugarren titulua da Shadow Tactics, eta nazioartean kokatzeko balio izan zuena; are gehiago, 2016tik Steam plataformako jokalarien artean balorazio orokorrik onenetakoak batzen dituen lana da, bai ala bai probatu beharrekoa.
Tfek bere webgunean azaldu duenez, UABEA erreminta —aski ezaguna gure itzultzaileen artean! Ibai Oihangurenek tresnaren gida prest dauka edonorentzat— erabili du Unity garapen motorearekin sortutako bideojokoaren fitxategietan saltseatzeko. Horrekin testuak esportatu ondoren, hainbat .csv fitxategi prestatu, eta Google Translate tresna hartu du euskaratze azkarra egiteko; nola ez, ostean testuak errepasatzeari ekin dio zaleak, akatsak zuzenduz eta itzulpena txukunduz.
Euskaratzeko egin beharrekoak oso errazak dira. Jokoa beharko dugu, argi dagoenez: PCko Steam zein GOG bertsioek balio dute itzulpenerako. Pauso hauek jarraitu beharko ditugu:
- Lokalizazio fitxategia jaitsi:
- Steam bertsiorako itzulpena: resources.assets
- GOG bertsiorako itzulpena: resources.assets
- Deskargatu fitxategia eta ordezkatu jokoaren karpetan. Ohiko karpeta kokapena:
- Steam GNU/Linux-en: ~/.local/share/Steam/steamapps/common/Shadow\ Tactics/Shadow\ Tactics_Data
- Steam Windows-en: <STEAM KARPETA>\steamapps\common\Shadow Tactics\Shadow Tactics_Data
- GOG-en: <Jokoaren karpeta>/game/Shadow Tactics_Data
- Fitxategia kopiatuta, jokoa abiarazi, eta, menu nagusian, sar zaitez hizkuntzen atalera. Bertan, espainiera hautatu, hau baita euskarak ordezkatuko duen hizkuntza.
Estrategia taktikoa
Edo arora bidaiatuko dugu hainbat heroi kontrolatzeko: Hayato eta Aiko ninjak, Mugen samuraia, Yuki gaztea edo Takuma frankotiratzailea dira gure taldeko protagonistak. Bakoitzak bere abileziak eta indarguneak edukiko ditu, baina, agerikoa den bezala, borrokak ez dira Shadow Tacticsen muina.
Horren ordez, Commandos edo Desperados bezalako frankizien mekanikak hartzen ditu. Ikuspegi isometrikoan jokatuko dugu gure heroi taldea kontrolatzen, estrategia jokoa balitz bezala: gaztelu japoniarretan, mendi elurtsuetako tenpluetan edo herrixketan infiltratu beharko gara protagonisten arteko elkarlanari esker.

Hartu beharreko bideak aztertzea eta planifikatzea eskatzen digu jokoak: ezkutuan aritzea gakoa da, eta, horretarako, Hayatoren edo Aikoren ninja tresnak erabil ditzakegu, sabaietara jauzi egiteko eta bertatik errazago mugitzeko. Batzuetan ez da nahikoa izango, ordea, eta Takumaren errifleari esker bidea pixkat garbi dezakegu, adibidez.
Abilezia eta mugimendu bereziak edukiko ditu eskura taldekide bakoitzak, baina hauek erabiltzeko unerik egokienak hautatzen jakin beharko dugu. Lasai, ez baitago bide bakarra garaipenerako: pertsonaien indarguneez ondo baliatuz gero, misioak gainditzeko askotariko moduak dauzkagu.
2021. urtean Shadow Tactics: Aiko’s Choice espantsioa jaso zuen oinarrizko jokoak. Talde berbera gidatuz, Aiko protagonistaren istorioan barneratzen den eduki gehigarri aparta osatu zuten Mimimikoek. Shadow Gambit: The Cursed Crew edo Desperados III kaleratu ondoren, tamalez, 2023ko abuztuaren 29an itxi zuten estudioa, garapen kostuen igoera eta salmenta eskasak aipatuta.
Oraingoz, behintzat, Shadow Tactics: Blades of the Shogun maisulanaz gure hizkuntzan goza dezakegu. Game Erauntsiaren euskarazko bideojokoen zerrendan aurkituko duzu, beste 191 bideojokorekin batera!
Iruzkinak