Flying Wild Hog akziozko joko frenetikoa prestatzen ari da 2021erako.

Shadow Warrior 3 ofizialki iragarri ondoren, Flying Wild Hog Devolver Digital Directaz baliatu da bideojoko berriaren lehen gameplay bideoa erakusteko. Lo Wang hiltzailea bigarren atalean ikusitako jostagarritasuna albo batera utzi eta bere erroetara itzuliko dela ikusi daiteke bertan.

Armategi zoroa lepoan hartuta girotze asiarreko deabru eta izakien aurka ibiliko da Wang. Bere katana ere itzuliko da; tiroekin batera arerioak xerratuko ditu hiltzaileak. Aurten argitaratutako Doom Eternal ekartzen du gogora ikusitako akzioak: kokalekuak etsaiak akatzeko tranpak eta bestelako tresnak edukiko dituzte.

Deabruak hiltzeko exekuzioak ere ikusiko ditugu SW3n. Berriz ere, azken Doometako glory kill mugimenduak gogora ekarriko dituzte.

Mugikortasunak ere hainbat hobekuntza jasoko ditu. Protagonistak dash bat erabili ahal izango du, eta hormetatik lasterka ibiliko da jauzi bikoitzak egiten ari den bitartean. Guneetako leku zehatz batzuetan erabiltzeko gakoa ere edukiko du. Argi ikusten da garatzaileek kokaleku dinamikoei ematen ari diren garrantzia.

Plataformei buruzko xehetasun gutxi eman dituzte arduradunek. Momentuz PCrako bakarrik baieztatu dute, baina ikusteko dago ea kontsoletara ere iritsiko den. Argitaratze data ere zehazteke dago: datorren urtean kaleratuko dutela azpimarratu dute.