Crunchyroll zerbitzuaren harpidedunek Android zein iOS gailuetan joka dezakete. Iaz PCan eta Switch-ean jaso genuen.
Shin-chan: Shiro and the Coal Town ederra sakelekoetara iritsi da. Neos Corporation argitaletxe japoniarraren obra saritua Android eta iOS sistema eragilea erabiltzen duten gailuetan joka dezakegu.
Zuzenean erosteko aukera eduki beharrean, Crunchyroll plataformaren Game Vault zerbitzuaren bidez baino ezin daiteke jokatu. Hau da, anime telesailen zein filmeen plataformako Mega Fan premium mailako harpidedunek jaitsi dezakete bakarrik.
Shinnosuke gaztearen azken bideojokoa iaz jaso genuen PC eta Switch plataformetan. Balorazio apartak eskuratua, 2022ko Shin-chan: Me and the Professor on Summer Vacation The Endless Seven-Day Journey sarituaren jarraipen zuzena da. Era batean, gainera, Boku no Natsuyasumi sagako spin-off abenturak dira biak.
Modu horretara, egunerokotasunaz gozatzera eramango gaitu Shiro and the Coal Townek. Shin-chan eta bere familia Akita prefekturara doaz bizitzera. Baserriko bizia ezagutuko dugu bertan, baina, Elur txakurra galtzerakoan, meatzarien herrixka misteriotsu batera bidaiatuko du gure protagonistak.
Auzokideak ezagutzen eta hauei laguntzen, objektuak biltzen, arrantzan, intsektuak harrapatzen eta inguruneak esploratzen ariko gara, nagusiki. Egunean egin ditzakegunak mugatuta daude —nahiz eta egunen iraupena molda dezakegun—; hortaz, helburu bakoitza betetzeko egin beharko ditugunak antolatzen ariko gara egunero. Orokorrean, iritzi oso onak bildu zituen joko atsegina dugu h.a.n.d. estudioarena.
Shin-chan: Shiro and the Coal Town Crunchyroll harpidetzaren Game Vault zerbitzutik joka dezakegu Android eta iOS gailuetan. Bestela, PC eta Switch plataformetan ere eskura dezakegu.
Iruzkinak