2025eko apirilera arte bestelako tituluak merkaturatuko dituztela iragarri du Hiroki Totoki PlayStationeko presidenteak.

God of War, Spider-Man, Gran Turismo, Uncharted edo The Last of Us berririk ikusi gabe geratuko gara hurrengo urte fiskalean. Hori adierazi du PlayStationek azken zerga txostenean: ez dute PlayStation Studios-eko egileen IP edo frankizia handien obra berririk kaleratuko datozen hilabeteotan.

Hiroki Totoki PlayStationeko presidenteak aurkeztutako zerga txosteneko aurreikuspenetan ezagutzera eman dute berria: adierazitako epe zehatza 2024ko apirilaren 1etik 2025eko maiatzaren 31ra artekoa da.

Hortaz, frankizia berriak edo joko zaharren bermasterizazioak zein berregiteak kaleratuko dituztela uler daiteke. Stellar Blade da adibideetako bat: Shift Up talde korearra PlayStationen babespean garatzen ari den hack and slash abentura apirilaren 26an estreinatuko da.

Erabaki bitxia, PlayStation 5 kontsola “bere bizitzaren zikloko bigarren erdian” barneratu dela iragartzen duten unean iragarritakoa dela kontuan hartuta.

 

PlayStation 5a, espero baino motelago

Horri buruz ere mintzatu dira txostenean: gailuaren salmentak ez dira esperotakoak bezainbeste onak izan, eta, horren ondorioz, salmenten aurreikuspenak mugatu ditu Sony-k. 2023ko urte fiskalean 25 milioi kontsola saltzea aurreikusten zuten, baina azken txostenean kopurua 21 milioira jaitsi dute.

2020 bukaeran merkaturatu zutenetik 54,8 milioi PS5 saldu dituzte. Naomi Matsuoka PlayStationen presidenteordeak Bloomber agerkariari aitortu dionez, une honetatik aurrera “salmenten eta errentagarritasunaren arteko oreka bilatzea” da marka japoniarraren helburua. Izan ere, “PS5 hardwarearen urteko salmentak jaisten hastea espero dugu datorren zerga urtetik aurrera”.

 

Multiplataforma bidea hartuta

Kontsolen garrantzia alboratuta, hazteko aukerei buruz aritu da Totoki. PlayStation Studiosen jokoen PCko jokoak aipatu ditu, hasteko, irabaziak areagotzeko bidea euren taldeen tituluak kontsolan zein ordenagailuan aldiberean estreinatzea dela aipatuz.

“Iraganean kontsola indartu nahi genuen, eta horretarako bidea first party jokoekin kontsola ezaguna egitea zen”, dio PlayStationen egungo presidenteak. “Egia da, baina sinergia bat dago: berezko eduki indartsuak badituzu, ez bakarrik zure kontsolan, PCak bestelako gailuetan ere bai, first party horiek multiplataforma jokotzat hedatzen dira, eta horrek irabaziak areagotzen laguntzen du. Aktiboki hobetu nahi dugun arloa da”.

Gainerako kontsolei eta plataformei keinu egin die, gainera, Totokik. Multiplataformara jota “irabaziak lortzeko aukera anitzak” daudela azpimarratu du, errendimendua hobetzerako orduan “jarrera oldarkorra izatea gustatuko litzaiokela” aldarrikatuz.

Hori horrela, azken zurrumurruek Xbox hartzear dagoen antzeko bidea jarraitzeko ideia daukatela pentsa daiteke; izan ere, Microsoft-en bideojokoak PlayStation eta Nintendo kontsoletara iritsiko direla diote hainbat iturrik —gaur gauean izango dugu horren berri Xboxen podcast saioan—.

Redmond-ekoek erabaki hori hartuta, japoniarrentzat agian ez da horren eroa bide bera jarraitzea, batez ere PCko salmenta positiboak ikusita.