Zital zaleak 2001eko abentura klasikoa gure mintzairara lokalizatu du. PCko bertsioa eralda dezakezu.
Beldurrezko abentura berriaz —klasikoaz, hobe esanda— goza dezakegu gure hizkuntzan. Silent Hill 2 mitikoa euskaraz bizi daiteke jadanik: behelaino barneko amesgaiztoak berriz sufritzeko unea heldu da.
2001eko titulua, jatorrizkoa, da Zital zaleak euskaratu duena; iazko berregitea hurrengo baterako utzi beharko dugu.
Hala ere, beste zale batzuek abiatutako Enhanced Edition proiektuan oinarritu da itzulpena bideratzerakoan: berritasunen artean, kalitate handiko grafikoekin, areagotutako bereizmenarekin, segundoko 60 fotogramako tasarekin edo aginte zein teklatuarentzako eguneratutako euskarriarekin jokatzea ahalbidetzen digu, PCko bertsio original traketsa nabarmen hobetuz.

Obra ospetsua eta benetan maitatua da SH2: beldurrezko bideojokoen zaleen artean gailurrean aurkitzen den horietakoa, Resident Evil 2, Amnesia: The Dark Descent eta beste hainbatekin batera.
Beste behin, itzultzaile neuronalaz baliatu da Zital bideojokoaren testuak itzultzeko; hauek txukunduta eta zuzenduta aurkituko ditugu bere Github orrialdean. PCko bertsioa da gure mintzairan jokatzeko eralda dezakeguna. Pauso hauek jarraitu behar dira hizkuntza aldatzeko:
- Jaitsi fitxategiak Zitalen Github orrialdetik zein SH2 Enhanced Edition proiektuaren webgunetik.
- Silent Hill 2 instalatu.
- SH2 Enhanced Edition instalatu.
- Sh2e/etc karpetako edukiak ordeztu Zitalen fitxategiekin.
- Jokoa abiatu, eta menu nagusian ‘aukerak’ atalera sartu.
- Hizkuntzen artean ‘euskara’ hautatu.
Lokalizazioari dagokionez, Zitalek izen guztiak euskaratzeko erabakia hartu du. Ahaztu James Sunderland protagonistaz edo Mary, Eddie, Walter eta gainerakoez: Jagoba, Miren, Edorta zein Galder izenez ezagutuko ditugu orain, besteak beste.

Dena den, zuzendu gabeko akatsak egon daitezkeela azaldu du lokalizazioaren egileak: euskaratutako bertsioan jokatzen dutenei Github webgunean aipatzeko eskatu die, pixkanaka itzulpena txukuntzeko.
Jagobaren galdutako emaztearen bila ariko gara, hortaz, Silent Hill herriko behelaino misteriotsuan barrena. Bidean pertsonaia bitxiak, munstro beldurgarriak eta gainditu beharreko beldurrak, atsekabeak eta oinazeak aurkituko ditu gure protagonistak.
Berritasun ikaragarria euskarazko bideojokoen zerrendarentzat, aste honetan gehitu den Balatro zoragarriarekin batera: 195 titulu dauzkagu jadanik euskal bideojokozaleen nahiz garatzaileen lanari esker.
Iruzkinak