Lau jokoak euskaraz argitaratu dira ofizialki, mod-en beharrizanik gabe.

Denboratxoa generaman euskarazko bidejokoei buruz hitzik egin gabe, baina ez da izan hauek desagertu direlako. Guztiz kontrakoa, egia esan; izan ere, egunotan euskaratutako hainbat titulu iritsi dira gure ordenagailuetara eta kontsoletara. Lau, zehazki: The Silent Swan, Anodyne, Frontball Planet eta Super Woden GP2.

Onena? Ofizialki goza daitezkeela euskaraz; hau da, ez dugu modik edo bestelako fitxategirik beharko gure hizkuntzan ikusteko.

 

The Silent Swan

Praenaris estudio donostiarrak azkenik kaleratu du bere lehen obra. Ibilaldi simulagailu ederra eta erraldoia aurkituko dugu The Silent Swanen: Firewatch edo Bloodborne bezalako titulu ezagunak hartu dituzte inspirazio iturritzat.

Harresietatik haratago dagoen lurraldea zeharkatuko dugu Mirov protagonistaren rola betetzeko. Hiri misteriotsuan gure pertsonaiaren iragana ezagutzeari ekingo diogu. Itzulpena hainbat akatsekin datorrela nabarmendu gura dugu; hala ere, Praenariskoak Game Erauntsiarekin harremanetan jarri dira hauek zuzentzeko, ahalik eta euskaratzerik onena lortzeko helburuarekin.

The Silent Swan PlayStation 5, PlayStation 4 eta PC plataformetan aurkituko dugu: guztietan euskaraz jokatzeko aukera daukagu. PlayStation kontsoletarako edizio fisikoa argitaratu dute, gainera.

 

Anodyne

Ibai Oihanguren zalea bueltan dator, eta oraingoan bere bigarren itzulpen ofiziala —lehena Papers, Please ikaragarriarena izan zen— aurkeztu digu: Anodynerena. The Legend of Zelda klasikoen mekanikak eta oinarriak hartzen dituen abentura honetan Young protagonista ezagutuko dugu.

Are gehiago, bere subkontzientean barneratu beharko gara, gune misteriotsuak, ederrak nahiz beldurgarriak, esploratzeko. Borrokak, puzzleak, ziegak eta esplorazioa agintzen ditu 2013. urtean argitaratutako, baina orain bermasterizazioa jasotako abenturak.

Euskaratzeaz PCan goza dezakegu, baina adi: 2024ko apirilean kontsoletara iritsiko da.

 

Frontball Planet

Bilboko Relevo taldeak pilota protagonistatzat duen kirol jokoa estreinatu berri du. Hala ere, modalitate berrian oinarritutako titulua da: Frontballean jokatzen ibiliko gara.

Zer ikusiko dugu, hortaz? Horma bakarreko pilota partidu azkarrak lehiatzen dira Frontball Planeten. Arkade estiloa nagusitzen da: estetika koloretsua, jokagarritasun sinplea eta botere bereziak ikusiko ditugu. Partida azkarrez gain abentura modalitatea zein erronkena proposatzen ditu bideojokoak, baita multijokalaria ere.

Frontball Planet PlayStation 5, PlayStation 4 eta PC plataformetan joka dezakegu gure mintzairan.

 

Super Woden GP2

Euskarazko bideojoko ezagunenetako baten jarraipena ikusi dugu egunotan, bukatzeko. Arkade aretoetan ikus zitezkeen rally lasterketa jokoen oinordekoa da Super Woden GP, eta bigarren atalarekin aurrekoan ikusitako guztia hobetzera etorri da ViJuDa garatzaile galegoa.

Ikuspegi isometrikoan lehiatuko ditugu mota desberdinetako lasterketak: estetika zein soinu banda retroekin 90eko harmakadara eramango gaituzte. Gran Turismo estiloko abentura modalitatea ikusiko dugu: gure autoak erosten ibiliko gara, baina hori lortzeko lehenengo txapelketetan garaipena eskuratu beharko dugu.

Euskaratzeari dagokionez, aurreko jokoa bikoizketagatik izan zen ezaguna —euskarazko ahotsak dituen joko bakarra dugu—; zoritxarrez, bigarren atalak ez du euskal bikoizketarik jaso.

PCan aurkituko dugu Super Woden GP2; etorkizunean kontsoletan estreinatuko dela suposatzen dugu, lehen jokoak egin bezala.