Budokai Tenkaichi sagaren atal berria izango da. Borrokalari berriak baieztatu dituzte.
Son Goku eta Vegeta saiya-k Dragoi Bolaren hurrengo bideojokoko protagonista nagusiak izango dira, nola ez. Hori jakinda, Dragon Ball: Sparking! Zero borroka jokoan erabili ahalko dituzten super saiya mota desberdinak ezagutzera eman dituzte Bandai Namco-koek.
Transformazio bakoitza borrokalari desberdintzat jotzen dute egileek: adi, Gokuren eta Vegetaren artean 24 pertsonaia osatu dituzte. Dragoi Bolaren manganimeko aro desberdinetako saiyak eta hauetako bakoitzaren goi gerlari formak kontuan hartu dituzte: hasierako Goku, Super-ekoa, Majin Vegeta edo Ozaru (tximino) Vegeta…
Eraldatzeen erasoak eta klipak ageri dira bideoan; aurretik Sparking! Zero honen jokagarritasunaz gozatzeko aukera gutxi eduki ditugunez, eskertzekoa da jokoak zer nolako itxura izango duen egiaztatzea.
Hori bai, oraingoz Dragoi Bola GT-ko formak kanpoan geratzen direla dirudi: ez ditugu Super Saiya 4 itxurak ikusi. Gauza bera gertatzen da oraindik estrenatu gabeko Dragon Ball Daima animeko bertsioekin. Gogeta eta Vegetto fusioak ere kanpoan utzi dituzte, baina horiek ziur beranduago aurkeztuko dituztela.
Dena den, Akira Toriyama mangaka-ren obrako denetariko pertsonaiak egongo direla ikus dezakegu bideoan. Satan Txiki, Freezer, Broly, Jiren, Yamcha, Krillin, Mr. Satan, Trunks, Cell eta askoz gehiago agertzen dira, hauek borrokan ikusteko itxaron beharko dugun arren.
Pertsonaiak ez dira faltako, Sparking! Zeroren aurrekariak ezagututa; izan ere, joko berria PlayStation 2 eta Nintendo Wii kontsoletan merkaturatutako Budokai Tenkaichi maitatuen oinordekoa da. Anime fighter estiloko borroka joko hauetan ehundaka borrokalari kontrola genitzakeen, eta berriarekin bide berbera jarraituko dutela pentsa dezakegu.
Argitaratze data, zoritxarrez, misterioa da oraindik. Egungo belaunaldiko plataformetan estreinatuko da, hori bai, Dragon Ball: Sparking! Zero: PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletan nahiz PCan jokatuko dugu.
Kakarot, DBZren bukaerara
Borroka jokoaren bideoarekin batera, Bandai Namcok Dragon Ball Z Kakarot ARPG abenturaren azken eduki gehigarria aurkeztu du. Gokuren hurrengo abentura (Goku’s Next Journey) izenarekin, Dragoi Bola Zren amaierara eramango gaitu: protagonistek Uub gaztea ezagutzen duten arte martzialen txapelketara, hain zuzen ere.
Jatorrizko mangan atal bakarreko kontua zenez, DLC hau ere motza izatea espero da. Protagonisten zahartutako bertsioak ezagutuko ditugu bertan: Son Goten eta Trunks nerabeak zein Pan txikia agertuko dira.
Kakaroten bigarren denboraldiko azken eduki gehigarria izango da, hortaz; aurretik, Bardock Son Gokuren aitaren nahiz 23. arte martzialen txapelketaren atalak jaso genituen.
Dragon Ball Z Kakarot eta bere eduki gehigarriak PlayStation, Xbox eta Switch kontsoletan joka daitezke, baita ordenagailuan ere.
Iruzkinak