SEGA-ren triku urdina mundu ireki erraldoiko protagonista izango da aurten. PC-an nahiz kontsoletan estreinatuko da bideojokoa.
Ekainean sartu berri gara, eta enpresa handiak martxa bizian hasi dira dagoeneko. SEGAkoek, IGN agerkariaren bidez, Sonic Frontiersen lehen gameplay trailerra argitaratu dute. 38 segundoko bideo laburra laster zabalduko duten beste trailer handiago baten aurrerapena dela jakitera eman dute.
Atal grafiko errealista da, inolako dudarik gabe, bideoa ikusterakoan arreta erakartzen duen lehenengo gauza. Modu horretara, Sonicen aurreko abentura batzuetako estetikara itzuliko dira japoniarrak. Oraingoan, baina, mundu ireki erraldoia izango da ardatzetako bat: xehetasun handirik ez dugun arren, triku supersonikoak ziztu bizian zeharkatzeko lur eremu ikaragarriak edukiko ditu Frontiersen.
Borroken zertzelada batzuk ikusteko aukera ere izan dugu aurrerapen honetan. Hack and slash jokoen kutsua edukiko dutela dirudi: Sonic konboak egiten, eraso bereziak erabiltzen eta etsai erraldoiak suntsitzen ikus daiteke trailerrean.
Sonic Frontiersekin triku urdinaren 30. urteurrena ospatu nahi zuten iaz; jokoa ezin izan zuten ordurako bukatu, eta aurten estreinatzeko asmoa daukate SEGAkoek. “Titulu historikoa” izatea nahi dutela adierazi du Takashi Iizuka zuzendariak, “frankiziako hurrengo atalentzako oinarriak ezarrita”. Modu batera, Sonic Adventure-rekin lortu zuten antzekoa egin nahi dute honekin.
PC, PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series, Xbox One eta Switch plataformetan estreinatuko da aurten Sonic Frontiers. Ez da trikuaren joko bakarra izango: hilabete honetan kaleratuko da joko klasikoen Sonic Origins bilduma.
Iruzkinak