Bideo-jokoen industriak geroz eta egiteko garrantzitsuagoa dauka gure aisialdiaren esparruan. Urtez urte, adin guztietako gero eta jende gehiagok egiten du joko horien aldeko hautua; telebista ikusi edo zinemara joan baino nahiago izaten du etxean edo beste edozein lekutan geratu istorio zirraragarrietan parte hartzeko, normalean lagunekin batera.
Horrexegatik, joko horien garapenean lan egiten dugunez, “dibertsioaz harago” ere beste zerbait eskaini behar dugula uste dugu. Entretenimendua eman bai, baina irakatsi ere egin behar dugu. Eta zergatik ez, txikienen prestakuntzan ere ekarpena egin.
Beraz, funtsezkoa izan daiteke gazteen prestakuntzarako. Arlo horretan euskararen eta kulturaren presentzia sustatu behar dugu.
Sorgina: A Tale of Witches, jatorriz Sorginen Kondaira bezala ezagutua eta azPLAY´2016-en euskal bideo-joko hoberena bezala proposatua, orain nazioarteko bertsio batekin aurkeztu da eta Steam Greenlight-en kanpaina bat ere atera du.
Binary Soul-ek garatu eta pasa den 2016 urtean formatu fisiko batean argitaratu ostean, orain euskarri digitalean dagoen bertsio berri batekin dator, eduki gehiagorekin, hizkuntza gehiagotan eta zenbait hobekuntzekin.
Helburua zera da: haur eta gazteak euskal kulturaren eta euskararen mundura erakartzea. Jokoa Euskal Herriko leku enblematikoetan oinarritu da, ikaskuntza eta dibertsioa uztartzen dituen abentura baten lekuko izateko.
Gazteleraz, euskaraz eta ingelesez dagoen bertsio berri honek eduki berria izango du barne, birjokatzea ahalbidetzen duten 30 lorpen baino gehiagorekin.
DIBERTSIOA, KULTURA ETA EUSKARA
Sorgina: A Tale of Witches singleplayer abentura bat da. Adin guztietako pertsonek jokatu dezakete eta akzio, plataforma eta puzzleen ebazpenez beterik dago.
Abentura honetan, sorgin gazte ikastuna iluntasunaren aurkako gurutzada batean sartzen da. Bertan, hainbat gaitasun magiko ikasi eta konbinatu beharko ditu, horrela puzzle eta zenbait oztopo gainditu ahal izateko eta azkenean iluntasunaren gizona garaitzeko.
Euskal mitologiako hainbat elezaharretan girotuta, gure heroiak errealitateko leku enblematikoetan oinarrituta dauden leku eder asko bisitatu beharko ditu. Bertan, euskal folklorean oinarritutako pertsonaiak aurkituko ditu.
Binary Soul enpresan uste dugu ezinbestekoa dela proposamenei balio erantsi bat ematea eta Sorginen Kondairaren kasuan garrantzia handia eman diegu euskararen sustapenari eta kultura eta heziketa arloko osagaiei.
JOLASTUZ IKASI
Jokoak funtsezko 3 osagai ditu:
- Balio didaktiko handiko erronka eta puzzleak osatzea
- 3D eszenatoki fantastikoetan zehar egindako bilaketa. Estetika zainduarekin, Omako Basoa edo Sorginetxe trikuharria bezalako lekuetan
- Historia osatzen duten pertsonaia mitologikoen arteko interakzioa, hala nola Basajaun eta Mariren artekoa, tradizioaren araberako ezaugarriak hartu dituztelarik.
Jokoak Historiari buruzko atal osagarri bat dauka eta bertan dago jasota abentura honetan agertzen diren lekuei, pertsonaiei eta euskal mitologiari buruzko informazio osatua, adibidez, eguzkiloreei buruzkoa.
Jokoa bereziki publiko gazteari dago zuzenduta, izan ere, puzzleen ebazpenean erronka handiago bat aurkituko dute eta beharbada inoiz entzun ez duten eskualde eta mitologiari buruz ikasi nahiko dute.
TRADIZIOA ETA BERRIKUNTZA
Pasa den 2016 urtean Sorginen Kondaira bezala argitaratua izan zen formatu fisiko batean. Hau euskal mitologian oinarrituta dagoen 3D-tako aisialdirako lehenengo bideo-jokoa da, eta bertan tradizioa eta kultura teknologia eta aisiarekin batzen dira.
Finalista bezala hautatua izan zen azPLAY 2016 sarietan euskal bideo-joko arloan, saga baten lehenengo titulua da, Sorginen Erronkak jokoarekin jarraitzen duena (unibertso berdinean girotutako dauden mini-jokoak dira, plataforma mugikorretarako egokituak).
Sorginen Kondairaren argitarapenak une garrantzitsu bat markatu zuen Elkarrek dituen 30 urtetan. Izan ere, aisia eta kultura eduki banatzailea den honen katalogoko lehen bideo-jokoa da.
Orain, Greenlight-en eskutik Sorgina: A Tale of Witches, bertsio berri zabalduago eta hobetuarekin, Steam plataformara iristearen esperoan gaude. Honako helbide honetan lagun gaitzakezu jokoa plataforman onar dezaten:
http://steamcommunity.com/sharedfiles/filedetails/?id=879951991
JOKOAREN HISTORIA
Duela milaka urte, pazientzia handiz itxaron ostean, Gauekok -gaueko jaunak-, bere botereaz baliatuz, udako solstizioaren egunean bost sorginetako lau bahitu eta beren eguzkiloreak lapurtu zituen, bere etsaia den Mari jainkosari borroka irabazi eta Lurrean iluntasunaren erreinua ezartzeko asmoz.
Pirulinak, jokoaren protagonistak, eguzkilore bat jaso behar zuen gau hartan, euskal jainkosa handiaren laguntzaileetako bat izateko. Orain, bera da euskal lurretan iluntasuna nagusi izatea saihestu dezakeen bakarra. Ia konturatu ere egin gabe, inoiz izandako abenturarik handiena bizi beharko du.
Gure lurretan zehar barneratu beharko da leku ospetsuenetara heltzeko: Sorginetxe trikuharriara, Omako basora, Zugarramurdiko kobetara eta Aizkorri mendiko Tartaloetxera. Bertan izaki mitologikoak aurkituko ditu; Mari bera, Basajaun, lamiak eta Tartalo, eta Etxejaun bihurtutako bere kideak askatzeko hainbat zailtasunei egin beharko die aurre.
JOKOAREN MEKANIKA
Mekanikak eta kontrolak abentura eta akzio motako jokoetan erabiltzen direnak dira, non puzzleak eta plataformak batzen diren. Esaterako Ratchet And Clank edo Zelda bezalakoenak.
Jokoaren ezaugarri esanguratsuenak hurrengoak dira:
- Adin guztietarako abentura, plataforma eta puzzleak
- Aurkitu mitologia eta folklore berri bat
- Euskal Herriko kokaleku errealetan oinarritutako eszenatoki eder askotatik bidaiatu
- Ikasi eta bateratu zenbait aztikeri, progresiboki doazen zailtasunezko puzzleak ebatzi ahal izateko
- LowPoly estilo artistikoa, kolore sutsuekin eta cartoon estetikarekin
- 30 lorpen baino gehiago, erronka handiago baten bila dagoen jendearentzat
Jokoaren dinamika berdina da maila guztietan, koherentzia mantentzeko. Hasierako zinematika batek eszenatokiaren aspekturik garrantzitsuenak erakutsiko dizkigu, gero bertan orientatzeko baliagarriak izango zaizkigunak.
Maila bakoitzaren hasieran protagonistari boterea emango dion pertsonaia mitologikoa bilatu behar da.
Behin aurkituta, puzzlean parte hartzen duten osagaiak identifikatu behar dira eta eskuragarri dauden botereak erabiliz (handitu, txikitu, mugitu, izoztu, desmaterializatu, … ), berau gainditu eta hurrengo mailarako atea aurkitu dugun pertsonaiaren inguruan informazioa emango digute.
Abenturan zehar, mezu forma duten edukiak ere aurkituko ditugu. Mezu hauen helburua maila horretako esplorazioa sustatzea da eta kokalekuaren historia, mitologia eta aurkituko dugun pertsonaiaren berri ematea.
ESTILO BISUALA
Jokoa bereziki haurrentzako egina dagoenez, lowpoly estilo artistikoa bilatu da, cellshading kutsu batekin, bereizgarri egiten duena eta aldi berean gerturatzen duena, atsegina eta erakargarria izan dadin.
Kolore sutsu sorta batengatik egin dugu apustu, tonu leun eta kontraste garbi eta markatuekin, jokalaria gidatzen laguntzen dutenak.
Pertsonaien diseinua (protagonista zein bigarren maila batean dauden pertsonaiena) hasiera bateko materialetatik eta mitologiako dokumentazioan oinarritutako kontzeptu eta ilustrazioetatik abiatuta egokitua izan da. Joxe Miguel Barandiaran historiagilearen eta beste historiagile eta idazle batzuen lanak erabili dira horretarako.
Azken finean diseinu bakoitza eztitzea bilatu da, haurrentzat egokitzeko eta estilo modernoago batez hornitzeko.
EDUKI GEHIGARRIA / LORPENAK
Jokoaren bertsio berriak 30 lorpen baino gehiago ditu. Maila ezberdinak gainditzean lortzen dituzunez gain, gehiagotan birjokatzea ahalbidetzen duten beste lorpen batzuk ezarri dira. Adibidez maila bakoitzeko Time Attack, estren bilduma (eszenatoki bakoitzean ezkutatuta dauden eguzkilore eta lore magikoen bilketa), komentario guztien bilaketa, maila bakoitza berrabiarazi gabe gainditzea, etab…
Gainera, Steam Greenlight-en onartua izaten denean eta erabiltzaileen aldetik jasotzen dugun harreraren baitan, progresiboki jokoa eduki berriarekin handitzea pentsatu dugu ondorengo aukerekin:
- Steam trading cards edo kromoak
- Skin gehiago
- Eszenatoki gehiago
- Mekanika anitzagoa
PLATAFORMA BATERAGARRIAK
Jokoa formatu digitalean aterako dugu Steam plataformaren bitartez, Greenlight prozesuan onartua izaten denean.
Sistemaren baldintza minimoak hauek dira:
- Sistema eragilea: Windows
- Periferikoak: Teklatua, sagua eta DVD DL irakargailua
- Prozesadorea: Intel Core Quad 2
- Bideo-txartela: NVIDIA GeForce TG 220 1MB
- RAM Memoria: 2GB
- Disko gogorra: 10GB
- Soinu txartela: DirectX9.0c-rekin bateragarria
Gainera, Mac eta Linuxera jarduteko lanean ari gara.
SORGINAREN UNIBERTSOA: ATALE OF WITCHES
Sorgina: A Tale of Witches bertsio internazionala da, hobekuntzekin eta Sorginen Kondaira-ren eduki gehiagorekin. 2016 urtean Elkar banatzaileak eta beste liburu-denda eta merkatalgunetan, bereziki Euskal Herrian, formatu fisikoan atera zen jatorrizko bideo-jokoa.
Binary Soul enpresaren asmoa hainbat plataformatarako bideo-jokoak (PC, mugikorrak, tabletak, kontsolak eta abar) garatu eta zabaltzea da, mekanika eta eduki anitzak izango dituztenak. Sorginen Kondaira horietako lehenengoa da eta euskal mitologiaren inguruan beste batzuk ere izango dira, euskararen erabilera eta kultura sustatzeko asmoz, betiere heziketaren ikuspegitik.
Sorginen Erronkak euskal mitologiako unibertsoaren bigarren izenburua da, Binary Soul-ek txikienetzat eginiko aisialdi elektronikorako egokitua.
Bere arbasoaren helburu berdina dauka, hau da, euskal kultura eta euskara publiko txiki eta gazteari gerturatzea. Honek, lehenengo tituluan sortu ziren pertsonaiak lekualdatzen ditu erronka berriei aurre egiteko mini-joko formatuan. Jokalariak puntuazio altuena lortu beharko du online ranking batean eta bere abileziak erakutsi Sorginetxean ikasle bezala onartua izateko.
Iruzkinak (1)
inigo27 March 24, 2017, 8:29 p.m.
Interesgarria ematen du.