PlayStation 4 eta Xbox One kontsoletarako bertsioak baieztatu ditu TMNT: Shredder’s Revenge-k; horiez gain, PC-ra zein Switch-era iritsiko da aurten.
Beat ‘em up jokoen itzulera ikusten ari gara azkenaldi honetan. Genero honetako klasiko ezagunak dira Ninja Dortoka Gazteen unibertsoan girotutako abenturak; horien atal berria prestatzen ari dira Tribute Games garatzailea eta DotEmu banatzailea. Teenage Mutant Ninja Turtles: Shredder’s Revenge izenpean, borrokalari berria aurkeztu dute: Splinter maisua.
Arratoiaren mugimenduan agerian jartzeko trailerra prestatu dute arduradunek: makilarekin dabilen arren, Street Fighter sagako Tatsumaki Senpukyaku bezalako erasoak egin ditzake maisu nagusiak, sekulako bizitasuna erakutsita. Modu horretara Shredder zitalaren ninjak akatzeari ekingo dio bere ikasleekin batera.
Hori da, Splinterrekin batera egongo dira Leonardo, Raphael, Michelangelo eta Donatello, baita April O’ Neil kazetaria ere. Lau jokalarirentzako partidak ahalbidetuko ditu bideo-jokoak: kolpeak, egurra eta dozenaka arerio biltzen diren guneak etengabekoak izango dira.
Proiektua orain ia urtebete aurkeztu zutenean baieztatu zituzten plataformak PC eta Switch izan ziren; orain, ordea, beste bi kontsoletarako bertsioetan lanean dabiltzala ezagutzera eman dute: Shredder’s Revenge PlayStation 4ra eta Xbox Onera iritsiko dira.
2022an kaleratuko dute Ninja Dortoka gazteen abentura berria: datarik zehaztu ez duten arren, “laster” prest edukitzea aurreikusten dute DotEmukoek.
Iruzkinak