Bethesda-k espazioko RPG abenturaren xehetasun gehiago agindu ditu ekainaren 11rako.

Starfield desiratuaren argitaratze data zehaztu du Bethesdak: irailaren 6rako prest edukiko dutela agindu dute.

Hasiera batean agindutakoa baino urtebete beranduago, beraz: 2022ko azaroaren 11n estreinatzea aurreikusi zuten 2021eko E3 azokan. Hala ere, uste baino gehiago beharko dute garapena bukatzeko; izan ere, 2022ko udan —sasi E3 hartan— aurtengo lehen seihilekoan merkaturatuko zutela agindu zuten, aurkeztutako beste bideojoko guztien modura. Ez da horrela izango, hortaz.

Iragarpena bideo motzarekin egin dute. Ostean, Todd Howard Bethesdako arduradun nagusia azaldu da joko erraldoia sortzen dabiltzala adierazteko. Ez hori bakarrik, jokoaren berritasunak noiz eskainiko dituzten zehazteko aprobetxatu du: ekainaren 11n Starfield Direct izeneko zuzenekoa egingo dute.

Azkar laburbiltzearren, Starfield Bethesdaren espazioko The Elder Scrolls izango da. Antzeko RPG oinarriekin, “1.000 planeta baino gehiago” dituen galaxia esploratzera eramango gaitu. Iaz jokagarritasun mekanikak azkar batean azaldu bazituzten ere, ezer gutxi dakigu istorioari edo joko osoari buruz.

Esan bezala, ekainera arte itxaron beharko dugu gehiago ezagutzeko. Starfielden jokatzeko, berriz, irailaren 6aren zain egongo gara: Xbox Series kontsoletan eta PC-an argitaratuko dute.

 

Xbox Games Showcase, bueltan

Starfield Directa ez da izango ekainaren 11n Xboxen eskutik ikusiko dugun aurkezpen bakarra: Bethesdaren jokoaren aurretik Xbox Games Showcase aurpezkena jarraitzeko aukera edukiko dugu, Twitter bidez iragarri dutenez.

Ez dute adierazi ez zein bideojoko aurkeztuko dituzten, ez aurkezpenaren ordua. Hortaz, ekainera arte itxaron beharko dugu berritasunak jasotzeko. Hori horrela, argi geratzen da Xboxekoak eta Bethesdakoak 2023ko E3tik alde egingo eta euren ekimen propioa prestatuko dutela.