Bethesda-ren unibertso irekiko abentura Free Lanes eguneratzearekin batera estreinatuko da. Gaurkotzea PCra eta Xbox Series-etara ere iritsiko da.

Xbox-ek eta Bethesdak Starfield tituluaren PlayStation 5eko bertsioa iragarri dute. Apirilaren 7an merkaturatuko da Sony-ren kontsolan.

Berrikuntzekin eta hobekuntzekin estreinatuko da jatorriz 2023ko irailean PCan eta Xbox Seriesetan kaleratutako unibertso irekiko abentura. PS5eko ezaugarriez baliatuko da: DualSense agintearen funtzionalitate bereziak erabiliko ditu, kolpekari moldagarriak zein ukipen panela, adibidez. PS5 Pro gailuan errendimendu zein kalitate modu grafikoak ikusiko ditugu. Nola ez, orain arte argitaratutako eduki gehigarri guztiak jasoko ditu PlayStation port-ak.

Bi eduki berrirekin iritsiko da PlayStation bertsioa. Nagusia Free Lanes doako eguneratzea da: zaleek horrenbeste eskatutako gurutzaldi (Cruise Travel) deitutako nabigazio dinamikoa inplementatuko du.

Bidaietan topaketak eta arriskuak biziko ditugu oraindik aurrera, eta gure taldekideekin denbora igarotzeko aukerak ere gehituko dira. Ez dira desiratutako bidaia edo lurreratze askeak izango, baina, bideojokoaren arazo handietako bat txukunduko dute adabakiarekin.

Gainera, kokalekuak, X-Tech teknologia mota, arerioak eraldatuko dituzten aukerak, baseentzako hobekuntzak eta beste hainbat berritasun ikusiko ditugu Free Lanes gaurkotzean.

Ordainpeko Terran Armada eduki gehigarria ere helduko da egun berean. Settled Systems gunean orain arte ikusi gabeko misioak, pertsonaiak, arerioak, ibilgailuak edo armak bilduko ditu istorioz guztiz berria aurkezteko.

Hobekuntzokin jokalarien iritzi orokorra hobetzea lortzen duten ikusi beharko da orain. Starfieldek ez ditu baloraziorik onenak jaso azken bi urteotan: mundu ireki eskasak, akatsek eta hobetzeko jokagarritasun elementuek hotz utzi zituzten erabiltzaileak.

Starfield apirilaren 7an estreinatuko da PS5ean; egun berean, Free Lanes eta Terran Armada PS5, Xbox Series zein PC bertsioetan ikusiko ditugu.