Kanpoko garatzaileen bideo-jokoetan ardaztuko dira: aurretik iragarritako obrak erakutsiko dituzte, baina lehen aldiz ikusiko diren jokoak era bilduko dituzte ekimenean.
Sony gogor ari da aurkezpen digitalekin. Azkenaldian hainbat State of Play jarraitzeko aukera eduki dute PlayStationen zaleek, eta tartean PlayStation Showcase ekimena ere burutu dute. Oraingoan formatu xumera itzuliko direla baieztatu dute: etzi egingo dute hurrengo State of Play aurkezpena.
23:00etan hasiko dute, eta 20 bat minutuko iraupena izango duela aurreratu dute. Orokorrean PlayStation Studios osatzen duten garatzaileen lanak erakusteko baliatzen dira Sonykoak formatu honetaz, baina oraingoan kanpoko estudioetan ardaztuko direla azaldu dute; ez dute, baina, azalpen gehiagorik eman.
PlayStationek ehundaka garatzailerekin elkarlanak egiten dituenez, zaleek ez dakite zer pentsatu aurkezpenaren inguruan. Horrez gain, enpresa japoniarraren blogean kanpoko sortzaileak aipatu dituzten arren, estudio propioen presentzia ere egongo dela pentsa daiteke. Adi ibili beharko da beraz, orain arte ezustekoz betetako ekimenak izan baitira State of Playak.
Aurkezpena, esan bezala, etzi egingo dute: PlayStationen Youtube zein Twitch kanalen bidez jarraitzeko aukera edukiko dute bideojokozaleek.
Iruzkinak