40 minututan bideojokoen erauntsia ekarri digute. Hideo Kojima sortzailearekin proiektu berria prestatzen ari dira elkarlanean.
Urteko lehen aurkezpen handia ikusi dugu jada: PlayStationekoek denetariko tituluak erakutsi ditu 2024ko lehen State of Play zuzenekoan, berezko estudioenak nahiz hirugarrenenak. Death Stranding 2, Silent Hill 2ren berregitea, Ken Levine egilearen Judas, Until Dawn beldurrezko tituluaren bertsio eraberritua, Sonic Generations maitatuaren itzulera eta Metro saga ikaragarriaren abentura berria ezagutu ditugu.
40 minutuko aurkezpen luzean bideojokoentzako lekua baino ez zen izan. Hermen Hulst PlayStation Studios taldeko arduradun nagusia eta Shawne Benson SIEko portfolio zuzendaria ere agertu ziren, beste ezustekoren batekin, baina erabateko protagonistak etortzeke dauden tituluak izan ziren.
Egia esan, filtrazoei eta zurrumurruei adi zebiltzatenek aldez aurretik aurkezpen guztia filtratu zela ikusi zuten: State of Playa iragarri bezain laster erakutsiko zituzten ia joko guztien zerrenda zabaldu zen saretik.
Death Stranding 2 On the Beach
Azpititulu ofiziala, kaleratze urtea eta trailer ero zein luzea aurkeztu zituen atzo Hideo Kojima zuzendariaren hurrengo bideojokoak. Death Stranding 2 On the Beach deituko da, eta 2025erako aurreikusita dago. Istorioan kokatzeko balio digula esan daiteke, baina tira, ohi bezala gertatzen ari dena ulertzea ez da erraza izango.
Sam Porter Bridges mundu apokaliptikoan zehar fardelak garraiatzeko itzuliko da, baina oraingoan tiroketak esanguratsuagoak izango direla dirudi. Adi Troy Baker bikoizlariaren pertsonaia berriari: glam rock musikazalea, rail gun gitarra eta guzti. Kojimaren eta Yoji Shinkawa diseinatzailearen zoramenak.
Silent Hill 2 Remake
Konami-k urrian iragarri zuen Silent Hill sagako atalik maitatuenaren berregitea, eta Bloober Team-ek lehen jokagarritasun trailerra erakusteko aprobetxatu zuen aurkezpena. Egia esan, hautatutako gai nagusia arraroa da jokoarentzat: borrokan ardaztu dira, inguruneak, etsaiak —Pyramid Head lausotua barne— eta girotzea pixkat azalduta.
Jokatzeko, baina, asko falta dela dirudi. Trailerrak “garapenean dagoela” aipatzen du soilik, nahiz eta iragarpenean PlayStation 5eko esklusiboa izango zela —kontsoletan, PCra ere baitator— ziurtatu arren.
Silent Hill: The Short Message
SH2rekin batera doako bideojoko txikia aurkeztu zuten japoniarrek. Aspaldi Kojimarekin batera garatzen hasitako P.T. edo Silent Hills proiektuaren antzeko zerbait dela dirudi: lehen pertsonan etxe beldurgarria zeharkatu beharko dugu.
Onena? Dagoeneko kaleratu dutela: PlayStation Store saltokian aurki dezakegu.
Metro Awakening
Metro sagako bideojoko berria dator, baina kasu honetan berezia izango da: errealitate birtualeko abentura prestatzen dabiltza Vertigo Games taldekoak Deep Silver-ekin elkarlanean.
Half-Life Alyx ikaragarriarekin antzekotasun handiak dituen proiektua ikus daiteke bideoan. Moskuko metroan barneratuko gara berriro, baina oraingoan gerra nuklearraren ondorioek are beldur gehiago eragingo digute. Gu geu ibili beharko gara armak eskuz kargatzen edo aurpegi babesa jartzen.
2024an kaleratuko dutela diote: PlayStationen kasuan PS VR2 gailuekin jokatu ahalko dugu, baina PCan ere estreinatuko da Metro Awakening.
Dragon’s Dogma 2
Capcom-en martxoko ARPGa berriz ikusi genuen atzoko zuzenekoan. Ez zuten Dragon’s Dogma 2ren ezer benetan berririk erakutsi, baina orain arteko trailerrik borobilena izan da aldi berean. Ezpatak, magia, munstro erraldoiak eta esploratzeko mundu ireki zabala ikusiko ditugu, lehen jokoan egindakoak errepikatuz.
Martxoaren 22an kaleratuko dute: PlayStation 5, Xbox Series eta PC plataformetan jokatuko dugu.
Rise of the Ronin
Koei Tecmo eta Team Ninja taldeen bideojoko berria izan behar zen aurkezpeneko izarretako bat, eta sakontasunean erakutsi zuten, zalantzarik gabe. Japoniako Bakumatsu aroko (XIX. mendea, alegia) Yokohamara bidaiatuko dugu nagusirik gabeko samuraian bihurtzeko.
Katanekin ibiliko gara, beraz, baina bestelako tresnak ere ikusi ditugu. Gantxoa, parapentea eta bestelakoak erabiliko ditugu kokalekuak ziztu bizian zeharkatzeko, zaldi gainean ibiltzeko aukerarekin batera.
Martxoaren 24an iritsiko da: kasu honetan, PlayStation 5eko esklusiboa izango da.
Sonic x Shadow Generations
Filtrazioek bete-betean asmatu zuten. Sonic Generations maitatuaren bermasterizazioa prestatzen dabiltza Sega-koak, baina berritasun esanguratsuekin etorriko da.
Shadow trikuaren eduki gehigarria jasoko du bideojokoak: bere mailak edukiko dituela ikus daiteke, adibidez, Shadow the Hedgehog jokoan girotuz. Bestalde, atal teknikoa hobetuko dutela diote japoniarrek.
Udazken honetan jasoko dugu plataforma nagusi guztietarako.
Judas
Bioshock-en sortzaile Ken Levine ere igaro zen aurkezpenetik Judas erakusteko. Ghost Story Games talde berriarekin garatzen duen lehen jokoa izango da: 2022ko The Game Awards sarietan trailer zinematikoa erakutsi zuen, baina oraingoan jokagarritasuna ekarri digu.
Mekanikak zein ikuspegia ezagututa, agerikoa da Bioshockekin hasitako bidea jarraitu gura duela. Mundu bitxia, botere beldurgarriak eta biolentzia nagusi izango dira Judasen. Oraindik ez dugu argitaratze data ezagutzen.
Until Dawn
Supermassive Games estudioak 2015. urtean PlayStation 4rako kaleratutako slasher estiloko beldurrezko jokoa berpiztuko dute PlayStationetik. Bermasterizazioaren arduradunak Ballistic Moon taldekoak izango dira: originalaren sortzaileek osatutako estudio berria, alegia.
Unreal Engine 5 erabiliko dute titulua berregiteko, eta hasiera batean dirudiena baino aldaketa handiagoak ekarriko ditu. PlayStation 5ean zein PCan argitaratuko dute aurten.
Helldivers II
Otsailean argitaratuko duten Helldivers IIk ere bere lekua lortu zuen trailer motzarekin. Ez baduzue gogoan, PlayStation Studiosen eta Arrowhead Games Studios-en tituluak aurrekoaren ikuspegi zenitala alboratu, eta hirugarren pertsonan kokatuko gaitu oraingoan.
Oinarriak, baina, antzekoak izango dira: soldadu taldearekin kooperatiboan ariko gara misioak gainditzen eta espazioko estralurtarrak akatzen.
Helldivers II otsailaren 8an merkaturatuko dute PS5 eta PC gailuetan.
Stellar Blade
Zuzenekoaren beste izarretako bat izan zen Shift Up estudio korearra garatzen dabilen Stellar Blade. PlayStation Studiosen babesa jaso dute akziozko hack and slash abentura garatzeko: itxura batean NieR: Automata-rekin behar baino antzekotasun handiagoak dituen bideojokoa dela esan daiteke.
Etorkizuneko mundu apokaliptikoan girotutako borrokak, esplorazioa, munstroak eta robotak proposatuko dizkigu. Apirilaren 26an estreinatuko da: PS5ean jokatu ahalko dugu.
Zenless Zone Zero
HoyoVerse-koen hurrengo abentura PlayStation 5era ere iritsiko da. 2022an erakutsi zuten lehenengoz Zenless Zone Zero, eta ordutik hona beta itxia eduki du ordenagailuetan eta gailu mugikorretan.
Hack and slash estiloko joko itxurosoa izango da, anime estetikarekin. Pertsonaia mordoa, misiotan banatutako jokagarritasuna eta, nola ez, gacha elementuak ikusiko ditugu. Aurten estreinatzeko asmoa dute, baina oraindik ez dago argitaratze data ofizialik.
Dave the Diver
Indie jokoa ez den indie honek PCko jokalarien begirada guztiak harrapatu zituen iaz, eta orain PlayStation 5era iritsiko dela baieztatu dute Mintrocket estudiokoek. Bere proposamena eromen hutsa da: itsaspekariaren rola betez hasiko gara, baina bidean denetariko lanak, mekanikak eta bideojokoak ikusiko ditugu.
Apirilean kaleratuko dute PS5 eta PS4 kontsoletan. Godzilla ere azalduko zaigu laster: eduki gehigarri berezia iragarri dute arduradunek.
V Rising
PCko beste joko ezagun bat iritsiko da PlayStationera. Gaztelua berreraiki behar duen banpiroa kontrolatuko dugu: hori lortzeko borroketan murgilduko gara, baita baliabideen bilketan ere.
Akzioa, rol elementuak eta biziraupena uztartzen dituen V Rising arrakastatsua aurten ikusiko dugu PS5 kontsolan.
Physint
State of Playko iragarpenik garrantzitsuena, ziurrenik, Hideo Kojimak eta Hermen Hulstek bukaeran egindakoa izan zen. Physint izeneko proiektuan lan egiten ari da Kojima Productions —bai, oraindik Death Stranding 2 eta OD bukatu behar ditu—: akzioa eta espioitza batuko dituen titulua izango da.
Metal Gear-en oinordekoa izango denak PlayStationen babesa jasoko duela iragarri du Hulstek. Iragarpena bukatzerakoan, gainera, Columbia Pictures zinema estudioen planoa erakutsi digute… Kojimaren esanetan, “punta-puntako teknologia eta munduko talenturik onenak, bideojokoen zein zinemaren mundukoak erabiliz sortuko da”; hortaz, filmak zein jokoak espero ditzakegu.
Final Fantasy VII Rebirth-en State of Play
Atzokoa ez da egunotan ikusiko dugun State of Play bakarra izango. PlayStationekoek aurkezpen berria iragarri zuten aurrekoa bukatu bezain laster: Final Fantasy VII Rebirth ARPG abenturak berezko zuzenekoa jasoko du Sony-rekin batera.
Otsailaren 6an egingo dute, nahiz eta oraindik ordutegia zehaztu gabe utzi duten. Harritzeko erabakia, Square Enix-en bideojokoa hilabete bukaeran estreinatuko dela kontuan hartuta: Game Erauntsian otsaileko argitalpen guztiak bildu ditugu artikulu berezian.
Iruzkinak