Erdieroaleen eta osagaien krisia gainditu dute Valve-koek. Eskuko PC-aren Dock tresna ere argitaratu dute.
Steam Decka erosi nahian zabiltza, baina ez duzu itxarote zerrendan sartu nahi? Adi honi: Valvekoek agurra eman diote erreserba sistemari. Steamekoen eskuko ordenagailua erosi nahi dutenek ez dute gehiago itxaron beharko eskuratzeko.
“Eskatu bat orain eta zuzenean bidaliko dizugu”. Horrela eman dute albistea Gabe Newell-en enpresakoek saltoki digitalean. Esan bezala, gailua eskuratu nahi zutenek itxarote zerrenda batean sartzen ziren: Decka merkaturatzerakoan zerrendako azkenek hainbat hilabetez —urte erdi baino gehiago, kasu batzuetan— itxaron behar zuten PCaren erosketa baieztatzeko mezua jaso arte.
Hau guztia, zelan ez, erdieroaleen eta osagaien krisiari lotuta egon da. Valvekoek hasiera batetik izan dituzte honi lotutako arazoak: gailuaren argitaratzea berandutu egin behar izan zuten, itxarote zerrenda prestatzearekin batera. PlayStation-ek eta Xbox-ek antzeko arazoak dituzten arren, nabarmentzekoa da oraindik azken kontsolak erostea zaila izaten ari dela jokalarientzat.
Valvekoek oztopo hau gainditu duten arren, argi adierazi dute: eskaria uste baino handiagoa bada, beste behin abiarazi beharko dute erreserben prozesua. Hortaz, erabiltzaileen erantzunaren zain daude orain.
Nahiz eta Steam Deckaren salmenta datuak isilpean mantendu, ia astero saltoki digitaleko produkturik salduenen artean aurkitzen dela ikusi izan dugu; are gehiago, orain gutxi KDEko David Edmunson garatzaileak Valvek milioi bat Deck baino gehiago saldu dituela adierazi zuen. Kopuru urria kontsola handienekin alderatuta, baina ikaragarrizko mugarria Steamen aparatuarentzat.
Erreserba sistema alboratzeaz gain, Deckaren erabiltzaileak itxaroten zuten gailu gehigarria merkaturatu dute azkenik Newellen enpresakoek. Dock gailuari buruz gabiltza: akoplamendu honek gailua kargatzeko, telebistara zein monitorera HDMI nahiz DisplayPort bidez konektatzeko, aginteak edo teklatuak eta saguak USB bidez konektatzeko eta sarean Ethernet bidez nabigatzeko balio du.
Aspalditik ezagutzen genuen Dock hau: orain arte kaleratu ez badute, bereizmen handiko pantailekin zituzten arazoengatik izan dela suposa daiteke. PCa 4K telebistetara konektatzerakoan, bereizmen hori erabiltzen zuen; noski, 800p-ko bereizmenean funtzionatzen duen gailua izanik, errendimendu arazoak nagusitzen izan dira. Azken eguneraketarekin oztopo horri konponbidea aurkitu diote azkenik.
Tresna baliagarria da, baina erabiltzaileei prezioak larritu diela esan beharra dago: 99 eurotara plazaratu du Valvek. Egia esan, hirugarren enpresek prestatutako antzeko akoplamendu merkeagoak egonik, zaila egiten da honekin geratzea.
Izan ere, hori da Steam Deckaren indarguneetako bat: nahi bezala edonon erabiltzeko aukera. PC bat izanik, ez da derrigorrezkoa Valvekoen tresnetara mugatzea; gailuarekin bateragarriak diren askotariko produktuak eros daitezke jadanik.
Steam Deckari buruz luze eta sakon hitz egin dugu Game Erauntsiaren blogean. Zehaztapen eta ezaugarri guztiak erreportaje zabalean errepasatzeaz gain, apirilean analisia prestatu genuen:
Ezinezkoa da Deckak sortzen duen zirrara ezkutatzea. Kontsola tankera duen PCa eratzea lortu dute, zalantzarik gabe, horrek dakartzan aldaketa esanguratsu guztiekin. Ordenagailuek zuten mugetako bat gaindituta, Steam Deckak ia-ia ez dauka mugarik. Edonon jokatzeko aukera eskaintzen du, edozein baldintzetan.
Iruzkinak