Season Pass bat argitaratzerakoan, garatzaileak “bezeroei edukiak agintzen dabiltzala” adierazi dute Valve-tik.

Steam saltokiak aldaketa interesgarriak iragarri ditu denboraldi paseetan (season pass). Euskarri ofiziala eskaini die plataforman, erabiltzaileei eskubide bereziak ahalbidetuta: pasean azaldutako edukiak argitaratu gabe geratzen badira, diru itzultzeak baimenduko dituzte.

Garatzaileei zuzendutako atalean aurki dezakegu araudi berria. “Denboraldiko pasea bezeroek erosketa bakarrean beregana dezaketen egungo eta etorkizuneko eduki gehigarrien bilduma da”, diote. “Denboraldiko pasean gehitutako DLCak eta DLC bakoitzaren argitalpen data pasearen saltokiko orrialdean adieraziko da. Edukiak kaleratzen diren heinean, denboraldiko pasea erosi duten erabiltzaileek unean jasoko dute sarbidea”.

Azalpenaren ostean dator gakoa: “Denboraldiko pasea eskaintzerakoan, etorkizuneko edukiak agintzen zabiltza“, aldarrikatzen dute. “Pasea argitaratzeko prozesuan eduki bakoitzaren argitalpen epea hitzemateko eskatuko zaizu”.

Garatzaileek hartu beharrekoa “konpromisoa” dela nabarmentzen da, “erosleenganakoa zein Steamenganakoa”, eta, arduradunek ezin badute DLC bakoitzean eskainiko dena eta horren epea argi adierazi, “ez luketela Steamen denboraldi paserik eskaini beharko”.

Agindutakoa bete gabe geratzen bada bi aukera proposatzen dira. Alde batetik, edukiak atzeratzeko aukera daukate garatzaileek: gehienez hiru hilabeteko berandutzea proposatzen du Valvek. Denbora gehiago igarotzen bada, nahiz eta erosleek kexarik ez jaso, Valvek “neurriak hartuko” ditu.

Bestetik, denboraldi pasea bertan behera utzi dezakete arduradunek: kasu horretan, “argitaratuko gabeko DLCaren balioari lotutako” diru itzultzeak ahalbidetuko dituzte Steametik.

Hortaz, paseekin “arriskuak” datozela adierazi du Gabe Newell-en enpresak, eta “Steamekin harreman ona nahiz ibilbide egokia daukaten garatzaileei soilik eskainiko diete” horiek sortzeko aukera.

 

Hardware berriaren filtrazioak

Hardware aldetik ere berritasunak jaso ditugu Steamen aldetik. Orain egun batzuk Steam Deck OLED gailuaren zuri koloreko bertsio berezia iragarri zuten: Decka saltzen duten herrialdeetan eskura daiteke dagoeneko.

Zaleek, baina, bestelako hardwarea aurkitu dute. Hasteko, aspalditik entzuten gabiltzan Deckard errealitate birtualeko gailu berriari lotutako informazioa daukagu. Kaskoak baino, hauen aginteei buruzko datuak jaso ditu Brad Lynch zaleak.

Roy kode izena aurkitu dute SteamVRko datuak meatzeari ekinda. Dirudienez, ohiko botoiekin helduko da: gurutzeta, ABXY botoiak, kolpekariak eta atzealdeko botoiak edukiko ditu, baita lotuta egoteko uhala ere.

Oinarrizko informazioa, baina tira: VR gailu berriak aurrera doazela bermatzen du Lynchek, “lantegietan ekoizpena abiatzeko” prestatzen dabiltzala esanez.

Deckard eta Roy bikotea ez da, baina, Valvek esku artean daukan hardware bakarra. Lynchek beste Ibex izeneko gailua aurkitu dutela adierazi du: Steam Controller 2 berria. Hau ere ia bukatuta egongo litzateke, lantegietan fabrikatzen hasteko prest.

Valven gailuak aldez aurretik ezagutzeko joera daukagu. Steam Deck-aren lehen zurrumurruak saltokiaren beta bezeroaren kodea irakurtzerakoan hasi ziren: Neptune izeneko gailuaren aipamena azaldu zen 2021ean.