Valve-koek Steam Deck-ari zuzendutako ezaugarriak gehitzen jarraitzen dute beren plataforma digitalean.

Hilabete eskas falta da Valve Steam Deckak banatzen hasteko, eta nabari da. Eskuko PC honentzako berrien zaparrada eragiten ari dira; azkena, Steam plataforma digitalerako ezaugarri berritzailea da: gordetako partidak modu dinamikoan sinkronizatzeko aukera.

Steam Cloud zerbitzuaren eguneraketa da, zehazki, Valvek bere komunitatean aurkeztutakoa. Gordetako partidak hodeira igotzen dituen ezaugarria da Cloud; beste kontsoletan nahiz plataformetan ikusitakoen antzekoa da: jokoa ixterakoan Steamek gordetako partiden azken fitxategia bere zerbitzarietara igotzen du. Plataforma honetara beste ordenagailu batetik sartuz gero, jokoa instalatuta badago automatikoki jaisten ditu savegame hauek.

Deckarekin, baina, jokoak eteteko duen funtzionalitatea prestatu dute Valvekoek: Switch-arekin zein Xbox Series-ekin egin modura, gailua eten eta partida edozein unetan modu bizkorrean berrabiarazteko aukera eskainiko dute Valvekoek.

Arazoa? Jokalariak Deckean jokoa eten eta beste PC batean jokatzeko asmoa badu, eskuko gailuan egindako aurrerapenak ez dira pasako Steam Cloud bidez, jokoa ixtea eskatzen baitu. Oztopo horri aurre egiteko prestatu dute Dynamic Cloud Sync.

Gauza bera gertatuko da Decka berriz pizterakoan: jokotik irten gabe gordetako partida berriak automatikoki eta unean jaitsiko ditu gailuak, partidarekin jarraitu ahal izateko pausoak murriztuta. “Erabiltzaileek askotan jokotik irten gabe Steam Decka etengo dutela aurreikusten dugu, beste eskuko bideo-joko gailuekin ohikoa den bezala”, diote Valvekoek.

Ezaugarri berria dagoeneko kaleratu dute; hala ere, garatzaileen esku egongo da beren bideo-jokoetan gehitzea —gauza bera gertatzen da Steam Cloud arruntarekin—.

Steam Deckeko jokoez gozatzeko ezaugarri hau erabiltzea “ez dela ezinbesteko baldintza” nabarmentzen dute, baina “jokalariei ahalik eta esperientziarik onena eskaintzeko aktibatzea” proposatzen diete garatzaileei. Dynamic Cloud Sync gabe, beste gailu batetik etendako Steam Deckera itzultzerakoan jokotik irtetzeko gomendioa ikusiko dute jokalariek; Steam Cloudek gordetako partida berriak jaisteko nahitaezko baldintza izango da.

Iragarpenarekin batera ezaugarria aktibatzeko eta erabiltzeko jarraitu beharreko pauso guztiak zehaztu dituzte. Erraza eta sinplea dirudi, baina garatzaileek beren jokoek ezaugarri hau modu aproposean erabiltzen dutela bermatu beharko dute.

Orain egun batzuk Steam Deckak nahiz Proton sistemak are joko gehiago mugitu ahalko dituztela baieztatu zuten Valvekoek; izan ere, Epic Games-ekin elkarlanean Easy Anti-Cheat erabiltzen duten jokoentzako euskarria jaso du Protonek.