Biltegiratzearen araberako bi modelo daude. Bidalketak irailaren 18tik aurrera hastea aurreikusten da.
Valve taldea Steam Frame errealitate birtualeko gailuak merkaturatzeko prestatzen hasi da. Erreserbak abiatzearekin batera, prezioa zehaztu du: 1.049 eurotan salduko dira merkeenak.
256 GBeko biltegiratzea duen gailuaren prezioa da; izan ere, bigarren modelo bat ere eskaintzen hasi dira, TB 1ekoa, 1.279 eurotan. Salneurriak kaskoei eta aginteei dagozkie: horiez gain, denetariko osagarriak eros daitezke, elikatze iturritik hasita (39€), ergonomia osagarriak (69€) edo gailuak dakartzan pieza osagarrien ordezkoak (59€) salduta.
Prezioekin bukatzeko, Steam Framekin bateragarriak diren hirugarrenen osagarriak ere iragarri dituzte. 5K HDR eta bideo grabagailu aukerak gehitzen dituen Arcturus Vision Camera zein graduatutako leiarrak kokatzeko Zenni euskarriak eros daitezke.
VR gailu indartsua, baina ez horrenbesterako
Salneurrekin batera, Valvetik Framen zehaztapen tekniko guztiak aditzera eman dituzte:
CPU
- 4nm-ko Snapdragon 8 Gen 3 / Arkitektura: ARM64
RAM
- 16GB bateratutako LPDDR5X RAM
Energia
- 110-240V barne elikatze iturria
Biltegiratzea
- Bi Steam Frame modelo
- 256GB UFS
- 1TB UFS
- Bi modeloek abiadura handiko microSD txartel sarrera daukate
Energia
- 21.6 Wh Li-ion bateria kargagarria
- One USB-C 2.0 sarrera bakarra atzealdean, kargatzeko zein datuentzat
- USB-C, 15V ⎓ 3.0A (45W Max) kargatzeko
Bururako uhal modularra
- Uhalak integratutako audio kontrolagailu bikoitzak eta bateria kargagarria dakartza. Pisua: 245g.
- Modulo nagusia uhaletik banatu daiteke, beste uhal batzuekin erabili ahal izateko.
Pantaila eta optika
- Pantaila
- 2160 x 2160 LCD (begiko)
- 72-144Hz berrizte tasa (144Hz esperimentala)
- Optika
- Pertsonalizatutako pancake leiarrak
- Beirazko eta bestelako material optikoak
- Ikusmen eremu zabala (110 gradurainokoa)
- Pupila arteko distantzia tartea
- 60mm – 70mm
- Leiarren gehienezko zabalera
- 140mm
Kamerak eta jarraipena
- Jarraipena
- Integratutako kamera bidezko jarraipena
- Kamerak
- Kanpoaldera zuzendutako 4 kamera monokromatiko, mandoaren eta bisorearen jarraipenerako
- Barnealdeko bi kamera begien jarraipenerako eta fov-eatutako transmisiorako
Audioa
- Bozgorailuak
- Uhalean integratutako belarriko bozgorailu bikoitzak
- Mikrofonoa
- Mikrofono bikoitza
Konektibitatea
- Wi-Fi
- Wi-Fi 7, 2×2
- Irrati bikoitzek 5GHz Wi-Fi eta 6GHz VR streaming-a ahalbidetzen dute
- Bluetooth
- Bluetooth 5.4
- 2.4GHz Steam Frame aginteentzat
- Haririk gabeko egokigailua
- Gailuarekin batera datorren haririk gabeko egokigailua
- Wi-Fi 6E (6GHz)
- PCaren eta kaskoen arteko lotura zuzena eta latentzia baxukoa eskaintzen du
Tamaina eta pisua
- Tamaina
- 175mm x 95mm x 110mm (gailu nagusia + aurpegiko interfazea)
- Pisua
- 185g (gailu nagusia)
Softwarea
- Sistema eragilea
- SteamOS 3 (Arch-en oinarritutakoa)
Mahaigaina
- KDE Plasma
Prozesadoreari begira jartzen bagara, egungo Snapdragon gailurik interesgarriena erabiltzen du Steam Framek. Ez indartsuena, baina bai bateragarriena; kontuan hartzekoa, ARM bidezko Steam berria erabiliko baitu, FEX emulagailuarekin x86/x64 prozesadoreetako jokoak eta programak exekutatzeko.
Erreserba sistema Steam Machine-aren antzekoa da: itxarote zerrendan sartzen dira erreserbatzen dutenak, irailaren 17an erreserbak ixteko. Irailaren 18tik aurrera bidaliko dituzte ausaz ordenatutako lehen baieztapen mezuak. Bidalketa datak zehaztu gabe utzi badituzte ere, suposatzekoa da osteko egunetan bidaltzen hasiko direla.
Aurten beste bi Steam gailu merkaturatu dituzte Valvetik. Lehena Steam Controller aginte eraberritua izan zen; bigarrena, Steam Machine PC txikia, udako oporren aurretik argitaratu zuten.
ARM eta FEX
Steam Framen prozesadorea ARM arkitekturaduna izanik, Steam plataforma gailu hauetan ofizialki estreinatzen den lehen aldia da, gainera. SteamOS, ARM prozesadoreetan: muga guztiak hautsi nahian erreportajean sakon hitz egin genuen honi buruz: gailu mota guztiz berrietan Steam nahiz PCko bideojokoak exekutatzea ahalbidetzen da horrela.
Izan ere, azken hilabeteotan Armada bezalako sistema eragileak ikusi ditugu zaleen eskutik. Laburbilduz, SteamOS itxurako distribuzioa ARM gailuetan instalatzea ahalbidetzen dute, modu errazean Android gailuetan edo kontsola eramangarrietan Steam Deck edo Machine gailuen proposamena kopiatuz, FEX emulagailuari eta Proton bateragarritasun geruzari esker..
Frame kaskoak kaleratuta, Valvek SteamOS ARM gailuetara ofizialki eramatea espero dute orain askok, zaleek egindako lana baino txukunagoa den tresna denen eskura jarrita. Oraindik ez da horren inguruan mintzatu; halere, irekitzen dituen ate guztiak ezagututa, zaleek etorkizunean SteamOS ARM publikoa argitaratzea espero dute.
Lander Unzueta
Iruzkinak