Prezioak oraindik misterio hutsa dira. Verified sistema hedatu dute bi gailuak gehitzeko.

Valvek Steam gailu sorta berriko azken bi elementuen kaleratze data finkatzen hasi da. Steam plataformatik prentsa ohar ofizialean jakinarazi dutenez, Steam Machine nahiz Steam Frame uda honetan banatuko dira.

Azaroan iragarritako hardwarea oztopoz betetako ibilbidearekin dabil, gehienbat, RAMaren krisiak eraginda. 2026 hasieran merkaturatzea zen Gabe Newell-en taldekoen asmoa hasiera batean, baina otsailean arazoekin zebiltzala adierazi zuten.

Steam Machine kontsola tankerako ordenagailua izango da; Steam Frame, bestalde, errealitate birtualeko kasko aurreratuak. Bi tresnen azken xehetasunak ezagutzera ematea geratzen bada ere, gako garrantzitsuenaren zain daude guztiak: prezioa, alegia. Aipatutako krisiarekin uste baino garestiagoak izatea espero da; are gehiago, duela egun batzuk Steam Deck OLED-aren prezioa nabarmen igo zuten Valvekoek, gailu berrien salneurriari buruzko kezkak ere areagotuz.

Insider Gaming agerkariko Mike Straw kazetaria mintzatu da horri buruz duela ordu batzuk. Dioenez, Steam Machinearen prezioa “ez da hurreratzen” hasiera batean buruan zeukatenera.

Bitartean, Steam Verified sistema eguneratu dutela iragarri dute Valvetik. Deckarekin batera abiarazi zuten plataforma honek jokoen bateragarritasuna modu argian adierazteko balio du. Lau ikur edo egoera desberdin jasotzen dituzte bideojokoek: egiaztatuta (verified), jokagarria (playable), euskarririk gabea (unsupported) eta egiaztatu gabeko (unverified). Ikurrokin, Steamen gailu desberdinetan zer moduz funtzionatuko duten ezagutzeko balio du sistemak, atzean GNU/Linux zein Proton bateragarritasuna, irakurgarritasuna, errendimendua eta beste hainbat faktore kontuan hartu behar baitira.

Kritikak jaso dituen sistema, hain zuzen: sarritan, egiaztatua ikurra jasotzen duten bideojokoek arazo nabarmena eduki ditzaketela salatzen dute erabiltzaileek, eta, kontrara, euskarririk gabekoek ia ezer aldatu gabe funtziona dezaketela. Komunitateak horri aurre egiteko hainbat bide asmatu ditu; ezagunena, ProtonDB webgunea.

Sistema hobetzera eta garatzaileei beren jokoak optimizatzen laguntzera aldera, Machine nahiz Frame gailuen dokumentazioa argitaratu dute egileek Steamworks garatzaileentzako webgunean.

Duela hilabete estreinatu zuten Steam hardware sortaren hirugarren gailua: Steam Controller agintea. Horri buruz luze eta sakon mintzatu ginen Game Erauntsia irratsaioan:

Steam Machine eta Steam Frame udan argitaratuko dira.