Valven saltokiak 120 milioi jokalari aktibo izan zituen hileko, aldi bereko 24,8 milioi jokalari konektatuta.
Bideo-jokoen erabilerak gora egin zuen Steamen 2020an. Valvek plataforma digitalaren blogean argitaratutako txosten batean pasa den urteko jokalarien eta salmenten datuak laburbildu dituzte.
Salmentek gorakada nabarmena jasan zuten 2019koekin alderatuta: saldutako bideo-jokoen kopuruak %21,4ko hazkundea eduki du. Erabiltzaileak izan daitezke horren ondorio zuzena. Izan ere, pandemiak eragindako itxialdiek jokalari aktiboen kopurua haztea ekarri du. Valvekoek diotenez hilero 2,6 milioi erosle berri izan dituzte saltoki digitalean.
“Joan den urteak esperotako baino erronka handiagoak ekarri zituen guztioi bizitza aldatu digun nazioarteko pandemia batekin. Steam 2020ko itxialdiak baino lehen hazkunde esanguratsua jasaten aritu zen arren, jendeak bideo-jokoei eskainitako denbora nabarmen hazi zen etxean geratzen hasi behar izan zirenean, jokoak erosi eta horietara jokatu zituzten bezero kopurua erradikalki handiagotuta”, azaldu dute Valvekoek.
Hori horrela, 120,4 milioi jokalari aktibo izatera iritsi da Steam; eguneroko jokalarien kasuan 62,6 milioietara heldu dira. Aldi berean konektatutako gehienezko jokalari kopurua ere zehaztu dute: 24,8 milioi pertsona batera egon izan dira plataformara sartuta une berean.
Errealitate birtuala ere aipatu du Valvek: VRak ekarritako diru-sarrerak %71an hazi ziren joan den urtean. Steameko arduradunek argitaratutako joko bakarra, Half-Life Alyx, errealitate birtualeko lana izanik haientzako zenbateko ikaragarriak dira.
Aginteak izan dira jorratutako beste gai bat. PCko gero eta jokalari gehiagok erabiltzen dituzte jokatzeko: 46,6 milioi erabiltzailek aginteekin jokatu dute, 2019ko 31,8 milioien aldean.
Zifra izugarri horiei esker bideo-jokoetara guztira 31,3 bilioi orduz jokatu da 2020an; aurreko urtean jokatutako orduak bikoiztu egin dira.
Txinarako bidea hobekuntzekin batera
Etorkizunera begirako helburuak zehaztuz bukatu dute testua. Erabiltzaileei zuzendutako aldaketak aipatu dituzte, interfazea edota plataformara sartzeko aukerak hobetzea aurreikusita baitituzte. Horrez gain puntuazio programarentzako eta bere saltokirako berritasunak gaineratuko dituzte.
Linuxeko bertsioan lan egiten jarraitzeko asmoa adierazi dute. Valvek lan handia egin du plataformako jokoek sistema eragile honetan funtzionatzeko Proton programarekin, eta aurten tresna hori indartzen jarraituko dute.
Azkenik, Steam Txinara 2021ean iritsiko dela adierazi dute plataformaren arduradunek. Perfect World enpresarekin elkarlanean dabiltza saltoki digitala bideo-jokoen nazioarteko merkatu garrantzitsuenera eramatea lortzeko.
Iruzkinak